Kati Leatxe: "Bidaiariak Irati ibaiaren eskualdea beste modu batez ezagutu dezala nahi dugu"

Reyes Ilintxeta 2024ko uzt. 30a, 13:28

'Bidaia Iratira. Bertako emakumeen lorratzak' Irati ibaiaren inguruan bisita ditzakegun lekuak ezagutzeko modu berri bat errazten digun lana da. Agoizko Kati Leatxe Karekin Kultura enpresaren sortzailea eta Estitxu Larrea ilustratzaile eta diseinatzailea dira egileak. 

Irati ibaia Nafarroako bigarren ibairik emaritsuena da. Zaraiztu, Aezkoa, Artzibar, Oroz Betelu, Agoitz, Longida Urraulbeiti eta Ilunberri zeharkatzen ditu, sei ibar eta bi herri   erronka demografiko handi baten mehatxupean daudenak.

Eskualde hauetako historia pasarteak, eta natur eta kultur ondarea ezagutzera ematea da lanaren muina, Kati Leatxek azaldu bezala.

Liburuxkan modu arin eta laburrean ematen den informazioaz gain, bertako musika, zinema, webguneak eta  liburuak ere aipatzen dituzte gehiago jakin nahi dutenentzat.

Modu berean QR batzuen bidez bertako istorioak, musika eta soinuak aditzeko aukera emanen digute.

Bertan bizi izandako emakumeek utzitako lorratzak ere ezagutu ahal izanen ditugu: Aribetik hurbil, Aizpea lezean duela 8 mila urte bizi izandako emakumearen hezurrak, garbilekuetan biltzen ziren emakumeak, Magdalena printzesa XV garren mendean agramontarrei eta beaumontarrei  sinarazi zien bake ituna, edota soroetan eta haziendekin lan egiten zutenak.  

Koaderno ibiltari hau INNOVA ekimenaren eta bertako udalen  laguntzari esker egin ahal izan da eta egileek iragarri duten bezala irailean bigarren atal plazaratuko da non hainbat ilustratzaileren lanak ere bilduko diren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!