Milaka kilometro bizkarrean, hamaika musikari oholtzetan eta boluntarioak nonahi. 30 edizioren ostean, amaituko da Hatortxu Rock. Abenduaren 28an Atarrabian izanen da azken aurreko jaialdia, ohiko formatuan, eta azkena, 30. edizioa “lau eguneko jaialdi historikoa” 2025eko uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan.
Iragan abenduko edizioa ‘Amaiera berri bat’ lelopean abiatu zuten eta “sentsazio kontrajarriekin” bizi du albistea Aritz Colio Hatortxuko antolakuntzako kideak. “Hatortxutik ospakizun hitza ekidin badugu ere, amaiera duina eman nahi genion ospakizun berezi batekin”, azaldu du Coliok.
Agur esatea gazi-gozoa den arren, albiste ona da: Hatortxu Rockek bere helburua bete du. Gizartearen bizi-ohiturak eta agertoki politikoa aldatu dira eta aldaketek ezinbesteko egiten dituzte elkartasun eta inplikazio modu berriak. Dena dela, “horrek ez du esan nahi guk gure oinarrian ditugun bi balore nagusiak, elkartasuna eta auzolana, bere horretan jarraitzen ez dutenik”. Gaineratu du Coliok: “Argi esaten dugu HTX baduela azkeneko edizio bat baina gu ere bidean jarraituko dugu gure baloreen lanketan”.
Elkartasuna eta auzolana ardatz
Coliok azaldu bezala egokitzapena eskatzen zuen jaialdiak berak, izan ere, “Hatortxuk ere bazituen muga batzuk”. Frontoi txiki batean hasi zen dena eta egun, 100 bat arduradun daude tartean eta jaialdian bertan 500 boluntario baino gehiago biltzen dira; azpiegitura sendoak dituen jaialdia bilakatu da. Beti ere, auzolana oinarrian eta boluntarioen indarrak eraman du aurrera jaialdia eta horretan ere, testuingurua aldatu dela aitortu du Coliok. “Indibidualizazio prozesuak geroz eta lorpen handiagoak lortzen ditu, eta ondorioz, horren antagonista den auzolana, geroz eta toki txikiagoa dauka”, azaldu du.
Beraz, azken txanpa izanen dute boluntarioek ere datorren abenduan eta 2025eko uztailean, Lakuntzan, han izanen baita Hatortxuren azken elkartasun bultzada. Buru belarri daude dagoeneko bi ekitaldiekin eta berehala hasiko dira informazioa argitaratzen. Bitartean, bi jaialdietarako bono berezia eros daiteke webgunean 94 euroan.