EIZIE elkarteak Minaberri beka sortu du, urtero gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko

Euskalerria Irratia 2024ko mai. 2a, 13:28

Urriak dira itzulpengintzari eskaintzen zaizkion bekak eta sariak, eta bat bera ere ez dago gazte-literatura euskaratzeko euskararen eremu geografiko osoan. Hutsune hori betetze aldera, EIZIEk itzulpen-beka bat antolatu du, urtero gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Izan ere, irakurtzeko zaletasuna behera egiten ari den honetan, kalitatezko lanak eskaini beharra dago irakurle gazteei, euskaraz sorturikoak ez ezik nazioarteko gazte-literaturako lanak ere ekarriz euskarari.

Beka honen bidez, halaber, elkartearen xede diren arlo bat baino gehiago landuko dira: itzulpengintza sustatzea, prestakuntza profesionala eskaintzea eta itzulpenen kalitatea zaintzea, irakurzaletasuna ere sustatzeaz batera.

Itzultzaile hasiberriei begira, mentoretza baten bitartez

Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dute itzulpen-bekara aurkezteko aukera, eta mentoretza bat ere aurreikusi dute antolatzaileek, ibilbide luzeagoko itzultzaile batek laguntza eman diezaion itzultzaile gazteari itzulpen-prozesuan, zenbait saioren bitartez. Cedroren laguntza izango du mentoretzak.

Itzulgaiak, nazioartean sarituak

Itzuliko diren lanei dagokienez, nazioartean osperik handiena duten haur eta gazte literaturako sariketak hartuko ditugu kontuan: Hans Christian Andersen saria eta Astrid Lindgren saria.

Bi sariketa horietan sarituak izan diren egileen lanak aztertuko ditu urtez urte horretarako osatuko den hautaketa-batzorde batek, eta egokien irizten dion gazte-literaturako lan bat aukeratuko du, bekaren deialdirako.

Deialdia

Zabalik da lehen deialdia, eta Laurie Halse Anderson idazlearen Speak obra izango da aurtengo itzulgaia. Lanak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da.

Beka eskuratzen duen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu Iruñeko Udaletik, eta Aiora Jaka itzultzailearekin jardungo du aurten itzulpen-prozesuan.

Bekaren izenari buruz

Kulturaren eta letren mundua aintzat harturik eta genero berdintasunaren ikuspegitik, Marijane Minaberri idazle behenafarraren omenez hartu du «Minaberri» izena itzulpen-bekak. Ibilbide luze eta oparoa izan zuen idazleak: haur eta gazte literaturan jardun zuen batik bat, baina jorratu zituen itzulpena, poesia eta antzerkia ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!