Liburuak eta larrosak kalera aterako dituzte Iruñean apirilaren 23an

Maialen Huarte Arano 2024ko api. 19a, 08:08

Apirilaren 23an izanen da Liburuaren eta Lorearen eguna. Iruñeak 2008tik ateratzen ditu kalera. Karlos hirugarrena etorbidearen eta Orreaga kaleen artean hemezortzi postu izanen dira aurten. Horiez gain, sei argitaletxek beste bi postu izanen dituzte lehenengoz. "Gazte zein helduengana, bereziki irakurzaletasuna oraindik euren bizian txertatua ez duten horiengana iristeko aukera ematen du kalera ateratzeak", esan du Koldo Martinezek, Promozio Ekonomikoko Iruñeko Udaleko zinegotziak.

Apirilaren 23an Liburuaren eta Lorearen Nazioarteko egunean Iruñeak azoka eginen du kalean: Karlos hirugarrena eta Orreaga kaleen artera hemezortzi postu jarriko ditu liburuz josiak eta beste bi postutan sei argitaletxe izanen dira lehenengoz. Liburuek %10eko deskontua izanen dute eta loreak euro batean eskuratzen ahalko dira. Koldo Martinez Promozio Ekonomikoko Iruñeko Udaleko zinegotziak esan du berezia izaten dela egun hori: "Munduko kulturek bat egiten dute bertako saltokiek duten eskaintzarekin kalean". Eskaintza zabala izanen da aurten ere: "Gazte zein helduengana, bereziki irakurzaletasuna oraindik euren bizian txertatua ez duten horiengana iristeko aukera ematen du kalera ateratzeak", esan du Martinezek. 

Azoka horretan idazleak ere gerturatuko dira liburuak sinatzera. Mireia Maldonado, Ester Ortiz, Jon Aramendia, Idoia Saralegi, Maite Sola edo Jokin Azkena izanen dira, besteak beste.

Liburuez gain, larrosak ere salduko dituzte: "Euro baten truke eskuratzen ahalko dira. Diru hori liburu bilakatuko dute gero eta liburu horiek Cocemfe elkarteari emanen zaizkio", azaldu du Martinezek. Iaz hasi zuten ekimen hori. Paris 365 taldeari helarazi zizkioten loreen salmentatik ateratako diruarekin eskuratutako liburuak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!