Carlos Gimeno: "0-3 zikloa da lehentasuna Gobernuarentzat"

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 14a, 08:44

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria atzo Nafarroako Parlamentuan azalpenak ematen.

Nafarroako Parlamentuan izan da Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno bi urteko gelak zabalduko dituela iragarri ostean. "Programa pilotua izanen da eta hiru ikastetxetan zabalduko ditugu gela horiek", azaldu du. Iruñeko Iturrama eta Doña Mayor eskoletan eta Arronizkoan irekiko dituzte bi urteko gelak. "Eskariari aurre egiteko modurik azkarrena da. Doakotasunaren eta unibertsalizazioaren bideari eusteko lehen pausoa", gaineratu du. Gobernuarentzat "lehentasuna" da 0-3 zikloa hezkuntza kontseilariaren esanetan. 

0-3 zikloa da lehentasuna Nafarroako Gobernuarentzat, hala jakinarazi zuen atzo Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak parlamentuan. Bi urteko gelak heldu den ikasturtetik aurrera zabalduko dituela esan eta gero azalpenak ematen izan da. Hiru ikastetxetan "aukera pilotu" gisara jarriko dute martxan. Iruñeko Iturrama eta Doña Mayor ikastetxeetan eta Arronizkoan. Xede du 0 eta 3 urte arteko haurrei doako hezkuntza eta unibertsala emateko "berehalako irtenbide" izatea. Horregatik, "eskaera gehien" dagoen tokietan zabalduko ditu bi urteko gela horiek eta baita haur eskolarik ez den landa eremuko herrietan ere.

"Desberdintasun sozialak" aipatuz abiatu du Gimenok Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia. 0 eta 3 urte arteko haur eskoletan dagoen "butxadurari" ahalik eta azkarren erantzun ematen hasteko modua izanen da bi urteko gelen irekierarena. "Familia zaurgarrienentzat irtenbide izan daitekeen aukera" da Gimenoren arabera.

Aspaldiko kontua

Gogoan izan du Gimenok egun badirela bi urteko gelak eta aspalditik daudela zabalik zenbait ikastetxetan Urdiainen, Etxarrin eta Lesakan adibidez. "Bereizirik daude gainerako zikloetatik eta bi urteko haurren beharrak asetzen dituzte", adierazi du. Oteizan eta Uharte Arakilen ere badira haur eskolak eta adin desberdinetako haurrek gela konpartitzen dute. "Antolaketa eredu desberdina dute guztiek", esan du.

Bi urteko gelen irekiera kalitatea mantenduta, ekitatea ziurtatuta eta arautegia beteta eginen duela berretsi du hezkuntza kontseilariak. "Iruñean 800 familia daude itxaron zerrendan haur eskoletatik kanpo geratuak. Arangurenen, Zizurren eta Noainen ere sarbiderik gabe geratu dira asko", azaldu du. Behar horiek asetzen hasteko modua da bi urteko gelen irekiera, Gimenoren arabera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!