Ekainaren erdialdean izango dira Bigarren eta Lehen Hezkuntzako oposizio azterketak

Bidane Beloki Ezker 2024ko mar. 12a, 12:59

Bigarren Hezkuntzako azterketak ekainaren 15-16an izango dira, eta Lehen Hezkuntzakoak ekainaren 22-23an. Euskarazko espezialitateen azterketak 15ean eta 23an izango dira, hurrenez hurren. 

Nafarroako Hezkuntzako oposizioek badute data. Bigarren Hezkuntzako LEPa ekainaren 15-16an izango da eta Lehen Hezkuntzakoa ekainaren 22-23an. Hala iragarri du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. Egonkortze- eta birjartze-prozesuetan eskainitako 401 irakasle-plaza dira LEPan eskaintzen direnak.

Bigarren Hezkuntzako proben kasuan, ekainaren 15ean eta 16an egingo dira. Larunbatean, hilak 15, euskarazko espezialitateak eta igandean, hilak 16, gaztelaniazkoak egingo dira. Musikako eta arte eszenikoetako katedradunetan, arte plastikoetako eta diseinuko irakasleetan eta lanbide-heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoan sartzeko prozeduraren oposizio-fasea izango da hau.

Maisu-maistren azterketaren euskarazko espezialitateetan sartzeko azterketak ekainaren 23an izango dira, igandean; gaztelaniazko espezialitateetan sartzekoak aurreko egunean, ekainaren 22an, larunbatean. Atzerriko hizkuntza euskaraz duten irakasleen probak ekainaren 1ean, larunbata, eta, gaztelaniari dagozkionak ekainaren 2an, igandean. 

Datak berehala, gaur bertan, argitaratuko dira deialdiaren webgunean. Halaber, azterketak egingo diren lekuak eta ordutegiak gutxienez zazpi egun lehenago jakinaraziko zaizkie hautagaiei.

12.000 pertsona aurkeztuko dira LEP azterketa hauetara eta 178 epaimahaik parte hartuko dute prozesuan. Carlos Gimenok aitortu duenez, Hezkuntza Departamentuak lanean jarraitzen du prozesu horiek guztiontzako berme osoz gara daitezen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!