Irtenbide ekosoziala galdegiten ari da Eskubide Sozialen Karta

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 12a, 09:03

Norabide aldaketa eskatzen ari da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Krisi ekologiko sakona eta bizitza eta lan gero eta prekarioagoak daudela aintzat hartuta, alternatiba ekosozial bidezkoaren aldeko apustua egiten ari dira. Bizitza duinen alde. Horretarako gizartearen aktibazioa behar dela eta mobilizazioa uste dute. Lehen deia, apirilaren 13rako egin dute; Plazara gunean topaketak eginen dituzte, bigarren deia; maiatzaren 11n Iruñean eta Bilbon eginen duten manifestaziora joateko. 

Irailaren 30ean, Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak antolatuta 40 eragiletik gora bildu ziren “Su txikien itsasoa” lemapean egin ziren topaketetan, helburua su-txiki handi guzti horiek aldaketarako itsaso bihurtzeko zoru komuna eraikitzea zen. Hausnarketa horiek abiapuntu, zazpi ardatzetan laburtu dira alternatiba ekosozial justu baten alde eredu ekonomiko eta politikoan eman beharreko eraldaketak.

Mobilizazioen deitzaileak Euskal Herriko Eskubide sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxa eta Gune Ekosozialista izanik ere, beste hainbat eragilek babesten dituzte mobilizazioak. Orain arteko bideari jarraiki, datozen hilabeteetan babesak biltzen eta lantzen, eta elkarrekin egindako prozesua eta sortutako konfluentzia jorratzen jarraituko dute.

Alternatiba ekosozial justua beharrezkoa da. Egungo egoerak krisi ekologiko sakonera eta bizitza eta lan gero eta prekarioagoetara garamatza. Erregai fosilei eta ekonomiaren hazkunde infinituaren logikari lotuta jarraitzen dugu. Murrizketek, merkantilizazioak eta prezio altuek elikadura osasuntsua, pentsio duinak edo etxebizitza duina izateko eskubidea ukatzen dute. Zerbitzu publikoak eraisten ari dira. Zaintza lanak funtsezkoak dira, baina egun zaintza sistema publikoa ez dago bermatuta. Matxismoa eta arrazakeria gorantz doaz. Gerrak eta autoritarismoa ugaritzen ari dira. Bitartean, gero eta irabazi handiagoak metatzen dituzte enpresariek, finantza-funtsek, supermerkatu handiek, banketxeek. Egungo gobernuek eta maila instituzionaletik sustatzen dituzten politika publikoak ez nahikoak dira norabide hau aldatzeko. Askotan bide berean sakontzen dute.

Alternatiba ekosozial bat beharrezkoa da. Ekologikoa eta sozialki justua. Honen alde lan egiteko 7 ardatzak oinarrizko adostu dituzte:

  • Planeta bizigarri bat behar dugu guztiontzat eta horretarako larrialdi klimatikoari eta krisi ekologikoari aurre egin behar diogu.

  • Eredu ekonomiko eta sozialaren helburua bizitza bizigarriak bermatzea izan behar da, ez negozioa bermatzea.

  • Lanak, eta bereziki funtsezko lanak eta enpleguak, duindu eta birbanatu behar ditugu. Aberastasuna ere banatu behar da, eta gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute horretarako.

  • Bizitzarako funtsezkoak diren eremuak ez ditugu merkatuaren esku utzi nahi. Elikadura burujabetza, telekomunikazioetan edo energian ezinbestekoak dira eta horren alde egin behar da eremu publikotik.

  • Eskubide guztiak nahi ditugu pertsona guztientzat, denok dugulako bizitza duina izateko eskubidea. Diskriminazio matxista, arrazista edo ezein motakoekin amaitu behar da, eta lehentasunez Atzerritartasun Legea bertan bera uztea ezinbestekoa da.

  • Gerra eta gastu militarrari ezezkoa esaten diogu eta gure gizarteen eta ekonomiaren desmilitarizazioa eskatzen dugu.

  • Egin behar diren eraldaketa guzti hauek ezin dira merkatuaren esku utzi. Plangintza publiko sendoak eta demokratikoki eraikiak behar ditugu.

Horregatik maiatzaren 11n Bilbon eta Iruñean egingo ditugun mobilizazio ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dugu ekimen honen sustatzialeok.

Mobilizazioak eguerdiko 12etan izango dira Iruñean Gaztelu Plazatik eta arratsaldeko 5etan Bilbon Jesusen Bihotzetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!