Atarrabiak frontoiko armarria ezabatu behar duela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Euskalerria Irratia 2024ko mar. 5a, 11:34
Atarrabiako frontoian dagoen armarria.

Euskal Herriko Zazpiak Bat armarria da ezabatu beharrekoa. “Jarrera politiko jakin baten aldeko adierazpen bat dela” dio epaiak, “botere publikoei eska dakiekeen neutraltasun-betebeharra urratzea dakarrena”.

Atarrabiako pilotalekuan dagoen Zazpiak Bat armarria ezabatu beharra berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Frontoia berriz margotzeko prozesuan ‘Euskal Herria’ goiburupean zazpi probintziatako armarria ezabatu beharra zehaztu zuen Administrazio Auzitegiak. Izan ere, “neutraltasun politikoaren aurka” doa. “Jarrera politiko jakin baten aldeko adierazpen bat dela” dio epaiak, “botere publikoei eska dakiekeen neutraltasun-betebeharra urratzea dakarrena”.

Atarrabiako udalak errekurtsoa aurkeztu zuen baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du eta ezabatzeko agindua berretsi du. UPN izan zen auzia salatu eta egoitza judizialera eraman zuen alderdia. Atarrabiako Udalak aurkeztutako agirietako batean, Auzitegiak azpimarratu duenez, “Udalak berak eman zuen ‘Euskal Herria’ terminoaren erabilera alderdikoiaren berri”.

‘Euskal Herria’ terminoa eta armarria frontoian egindako kirol-jarduerarekin lotuta dagoela aipatu arren, "erabilera alderdikoia edo horren ziurgabetasuna” zein “neutralki erabiltzeko aukera” ere existitzen da, eta, ezin da baztertu asmo politikorik gabe ezarri izana. Hartara, epaiak berresten du armarria ezabatu behar dela.

"Armarriak, ikur gisa, mezu bisual bat bidaltzen dio hartzaileari. Ikusizko mezua esanahiz beteta dago, eta horien zati bat, gaur egungo testuinguru juridikoan, politikoan, administratiboan eta sozialean, oso urrun dago apaindurazko helburu batetik”, azpimarratu du epaitegiak. Ezin da zehaztu “soilik errealitate historikoak, kulturalak edo kirolekoak izendatzera” mugatzen denik. Gainera, zazpi lurraldeak barne hartzen dituen armarria denez, ikuslearengan duen eragin bisual identifikatzailea eta konbentzimendu ere kontuan hartzekoa da ", gaineratu du Auzitegiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!