1949an Iruñeko Udalak sortu zuen dantza taldea hiriko festa handietan eta ospakizunetan aritzeko. "Dantza tradizio handikoa izan da Iruñean eta hori hala dela adierazten dute artxibategietako dokumentuek", azaldu du Aritz Ibañez Duguna Dantza Taldeko zuzendariak. Dantzarien presentzia ohikoa izan da festa nagusietan. 2007an dantza taldeak eskaintzen zuenaren inguruan hausnarketa egin zuten. "Errepertorio propiorik ez genuela konturatu ginen eta Iruñea gure lanaren ardatz jarriz errepertorio hori berreskuratzera ekin genion", gogorarazi du Ibañezek. 2009an sanfermin aldapakoaren ezpata dantza, 2013-2016 urteen artean San Blas eta San Juan bezpera eta Hiru Burgoen soka-dantzak edo 2017an sanferminetako trokeo dantzak sortu dituzte. 75 urteko ibilbidean "ondare koreografikoaren eredu" dela uste dute taldekideek.
75. urteurreneko programazioa aurrera eraman ahal izateko laguntza ekonomikoa eskatu diote Iruñeko Udalari zein Nafarroako Gobernuari. Zita bereziena irailean izanen dute, bertako eta kanpoko taldeekin, haragizko eta harri-kartoizko dantzariekin, erraldoi eta taraskekin… talde hau sortu aurretik, Iruñean egiten ziren segizioetako dantza ohituren halako zahar-berritze bat eginen dute.