Zizurko Udalaren obretako langile lanpostu baten euskarazko profila atzera bota du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Erabaki horren aurka elkarretaratzera deitu dute hainbat eragilek. Hizkunzta Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren aburuz, epaiaren gibelean estrategia judizial eta politiko bat dago, eta ezinbestekoa da euskaltzaleek bereziki eta gizarteak oro har euskararen eta herritarren arteko berdintasunaren aurkako eraso horri erantzutea, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan azaldu duenez.
"Aitzakia batek balio ez duenean beste bat bilatzen dute"
Zizur Nagusiko epaia bereziki larria dela diozue. Zergatik?
Kontuan hartu behar dugu bederatzi obretako langile postu atera zituela Zizurko Udalak, eta bati bakarrik ezarri ziola euskarazko profila. Udalak oso ongi argumentatu zuen langile horrek herritarrekin, ikastetxeekin eta kultur etxearekin harremanak zituela, eta betetzen zituen funtzioengatik euskararen beharra zuela. Baina berdin bota dute atzera. Aitzakia batek balio ez duenean beste bat bilatzen dute. Beste sententzia batzuetan proportzionaltasuna aipatzen da edo lanpostuak herritarrekin harremanik ez duela. Kasu honetan hori guztia justifikatu arren esaten da euskara ezagutzen ez dutenekiko diskriminatzailea dela euskarazko profil hori ezartzea. Kontua da epai hau Euskal Herriko luze zabalean ikusten ari garen estrategia judizial eta politiko baten barruan kokatzen dela.
Epaiak dio herritarrek badutela udalarekin euskaraz aritzeko eskubidea, baina eskubide horrek ez dakarrela udalak ahoz zein idatziz euskaraz erantzun behar izatea.
Tamalez hori da Nafarroako azken urteetako epai guztietan aipatzen dena. Euskaraz egiteko askatasuna dugula esaten digute, baina ez dakit norekin hitz egingo dugun aurrean dugunak ulertuko ez bagaitu. Nafarroan euskara erabiltzeko muga juridiko eta sozialak diseinatzen ari dira, eta estrategia judizial eta politiko baten bitartez ezartzen ari dira.
"Hizkuntzen berdintasunaren aurkako irizpideak ezarri eta legitimatu nahi dituzte"
Zizurko Udala kostuak ordaintzera zigortu dute, nahiz eta lehen instantziak, Nafarroako Administrazio Auzitegiak, udalari eman zion arrazoia.
Tamalez hor ere araudia kontra dugu. Aldaketa bat egin dute, eta orain baldintza horietan udalari kostuak ezartzea legezkoa da. Terreno juridiko hori kontra dugu. Estrategia juridiko eta politiko bat da, eta horren barruan denak balio du. Horixe da gaurko elkarretaratzearekin salatu nahi duguna.
Zein da estrategia horren azken xedea?
Oinarri-oinarrian dago gaztelania ez diren gainontzeko hizkuntzen aurkako oldarraldia. Menpeko hizkuntzak nahi dituzte. Hizkuntzen arteko berdintasunaren aurkako irizpideak ezarri eta legitimatu nahi dituzte. Estrategia judizial eta politiko horretan denak balio du eta Euskal Herriko luze zabalean pairatzen ari garen estrategia bat da. Euskara dakitenen eta ez dakitenen arteko tentsioa areagotzea dute helburu. Afera honek luze joko du.
"Argi utzi behar zaie onargarriak ez diren adierazpenak egiten ari direla"
Gaurko elkarretaratzea dator PSN, UPN zein PPko zenbait udal hautetsiren euskararen aurkako gorroto mezuen erdian.
Ez du balio esateak euskararen alde gaudela eta hizkuntza eskubideak errespetatzen ditugula, gero bestela jokatzen badugu. Europako Hizkuntza Gutxituen Karta sinatu duten alderdiek gutun horren printzipioak bere egin beharko lituzkete, baina, lehen aipatu dugun estrategiari jarraituz, ez dute egiten, eta halako adierazpenak egiten dituzte, halako astakeriak esaten dituzte, behin eta berriz. SInestarazi nahi dute gutxitutako hizkuntza batek norbait diskrimina dezakeela eta hori oso larria da. Hori Orkoiengo ordenantzaren auzian dago. Kezkaz bizi dugu, baina uste dugu gizarteak esparru juridikoari behetik gorako presio hori egin behar dion bezala, adierazpen horiei ere kontrakotasuna adierazi behar diegula. Gizarte honetan onartu ezin ditugun adierazpenak dira eta hori utzi behar dugu.
Deitzaileen zerrenda luzea da: Zizurko Euskara Taldea, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Euskararen Defentsarako Sarea, Euskal HErrian Euskaraz, ELA, LAB, Steilas, Zizurko Geroa Bai eta ZIzurko EH Bildu.
Batasuna da bidea, hemen ari baikara herritarren arteko berdintasunaz. Gizartean oinarri-oinarrizko printzipioak beharko luketenen aurka egotea oso harrigarria egiten zaigu 2024 urtean gauden honetan. Bestalde, kolektiko askotarikoak gara, baina printzipio horiek bakoitzaren elkartearen barruan argi duazkagu. Bide horretatik jarraitu behar dugu lanean.