Osasun-etxea eraikiko dute Erripagainan

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 17a, 07:59
  • 14.000 bizilagunei emango die zerbitzua eta 35 langile izango ditu osasun-etxeak.
  • Lizitaziorako proiektua aurkeztu nahi duten enpresek otsailaren 7ra arteko epea dute.

Badirudi zerbitzuak iritsi direla Erripagainara. Lau udalerritan banatzen da auzoa Iruña, Burlata, Uharte eta Eguesibar, eta orain, Osasunbideak iragarri berri du Erripagainako osasun-etxe berriaren obra egiteko proiektua lizitatu dutela.

Osasun-etxe berriak 14.000 pertsona ingururi emango die estaldura, 11.400 helduen zerbitzuan eta 2.600 pediatria zerbitzuan. Guztira, 35 profesionaleko plantilla izango du; 8 familia-mediku, 4 pediatra, 14 erizain, gizarte-langile bat, psikologo bat, fisioterapeuta bat eta 6 administrari izango ditu. Erripagainako auzokideek albistea ospatu dute, nahiz eta sare sozialetan nabarmendu, datuak ez daudela eguneratuta. 12.000 dira helduak eta 6.000 0 eta 15 urte bitartekoak; egun 16.000 biztanle dira eta ez 14.000.

Proiektuaren eraikuntzan parte hartu nahi duten enpresek 470.000 euro inguruko aurrekontua izango dute eta otsailaren 7ko gauerdira arte aurkeztu dezakete proposamena. Erripagainako osasun-etxe berria eraikitzeko prozesuak aurrera egiten duen bitartean, Sarrigurendik eskaintzen den pediatriako arreta hobetzeko, zenbait erabiltzaile Mendillorriko pediatria zerbitzura bideratuko dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!