Iruñean alkatetzaren eskualdaketarekin batera iritsi zen baita kaleetara lehen aldaketa ere: Inor ez da ari kalean gaua pasatzen. Joseba Asiron alkateak aginte makila hartu eta esan zuen lehenengo ekimenen artean eginen zuela hori: etxegabeen aferak aldatu beharra zuela eta ezin zuela inork kalean gaua pasa. Esan eta egin. Lehen egunetik ari baitzaie bilatzen lo egiteko aterpea kalean diren guztiei. Hain zuzen, hotzaren etorrerarekin sortzen zuen bereziki kezka kalean lo egiten zuenaren egoerak. Izan ere, zero azpitik ditugu termometroak egunotan eta kalean bizi direnentzat are gogorragoa egiten zaie egoera. Gurutze Gorria hasia da berokiak, mantak, lo egiteko zakuak eta hotzari aurre egiteko arropa banatzen. Iruñeko Udalarekin koordinatzen ari direla esan du Gurutze Gorriko zuzendari Esther Fernandezek. Aterpean lekurik ez dutenentzat kit berezia helarazten zaie: garbitasunerako eta hotzari aurre egiteko. Horrez gain, etxebizitzetan berogailua pizteko arazoak dituztenei ere laguntza ematen diete egunotan.
Gonzalez Tablas kalean zabaldu zen aterpetxe berriak 56 lagunentzako lekua du. Dena dela, Txema Mauleon Ekintza Sozialerako zinegotziak azaldu zuen zerbitzua eskatzen duen pertsona orori eman nahi zaiola erantzun egoki bat eta horretan ari direla lanean.Lan horretan, gurera iritsi eta kalean bizi diren horiei laguntza ematen die Elkarri Laguntza Elkarteak. Eurek ere badakite dagoeneko ez dagoela inor gaua kalean pasatzen. Aterpe bat baino gehiago behar dutela ere argi dago. Izan ere oinarrizkoa beharko luke izan aterpea izatearena. Hortik aurrera egunak 12 ordu ditu eta gazte horiei bideratu egin behar zaie bizitza duin bat izatera: "Ikasketak egin ditzaten tramiteekin lagundu, arratsaldeak zerbait egiteko eskaini edo asesoramendua ere beharrezkoa dute", esan du Euskalerria Irratian Miren Urteaga Elkarri Laguntza Elkarteko kideak. "Gosariak eta afariak ziurtatuak dituzte, bazkariak ere izan beharko lituzkete. Ikasketak hasteko edo egunerokotasun arrunt bat garatu ahal izateko beharrezko baita hori", uste du.
Asesoramendua eta tramiteak egiteko laguntza ere beharrezkoa dutela jakinarazi du Elkarri Laguntza elkarteak. Boluntarioki ari dira lan hori egiten elkarte horretako kideak eta lokal bat behar dutela ere jakinarazi dute. Euren zeregina gauzatu ahal izateko ezinbestekoa dute lokala izatea. "Halakorik gabe zaildu egiten zaigu egunerokoa. Boluntarioak gabiltza eta azken asteetan elikagaien bankuko furgoneta batekin Arrotxapea auzoan bazkaritarako elikagaiak banatzen ari gara: etxerik gabe daudenen artean, baina baita pisu batean bizi direnen artean ere. Bereziki, haurrak dituzten amei ematen diegu jatekoa", ohartarazi du.