"Gero eta gehiago eta gero eta jende gazteagoak du ludopatia", esan du Euskalerria Irratian Saioa Ieregi Aralar Elkarteko psikologoak. Espainiako Loteriaren eguna da gaur. Gizartean errotua eta onartua dagoen jokoa da eta askorentzat egun zaila: ludopatentzat. Gobernuek ezarriak dituzte zenbait muga jokoaren inguruan baina motz gelditzen dira askotan. Adin txikikoek ezin dute apusturik egin legez baina zenbait eremutan hori kontrolatzea zaila dela uste du Ieregik: "Tabernetan dauden jokorako makinak zerbitzariak baino ez ditu ikuskatzen". Apustu etxeak auzo eta hiri erdiguneetako kaleetan asko izaten dira, baita jolaserako guneak ere. "Diru gutxirekin hasten da jendea apustuak egiten. Baina gutxitik handira jotzen dute ohartu gabe", adierazi du.
Prebentzioa lantzea ere izan daiteke bide eraginkorra ludopatiari aurre egiteko: "Ikastetxeetan programa bereziak landu zitezkeen nerabeei ohartarazpenak egite aldera", esan du. Jokoa oso erakargarri egiten ahal zaio edonori: "Jokoarekin zerikusia duten alor guztiak dira positiboak. Alde onak baino ez dizkigute erakusten. Gaurko egunarekin (abenduak 22) dena da algara eta poza Espainiako Loteriaren inguruan. Inork ez du ohartarazten arriskua ere egon daitekeela", azaldu du.
Entzun Euskalerria Irratian Saioa Ieregiri egindako elkarriketa osorik argazkian klik eginda.