Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa irudikatu eta ofizialtasuna eskatuko dute

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 15a, 09:40

Mosaiko erraldoia osatu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroan Euskararen Legeak ezartzen duen "zatiketa" ikusarazteko. Lege horrek 37 urte egiten ditu gaur eta herritarren artean sortzen duen "desberdinkeria" salatuko dute. 19:00etan izanen da ekitaldia Nafarroako Parlamentuaren parean eta euskararen ofizialtasuna ere aldarrikatuko dute. Gizarte eragile eta sindikalek ere babestu dute protesta hori. 

Nafarroan Euskararen Legeak 37 urte egin ditu gaur. "Herritarren desberdinkeria eragiten duen legea da", esan du Amets Aranguren Euskalgintzaren Kontseiluko Nafarroako ordezkariak Euskalerria Irratian. Izan ere, bizitokiaren arabera hizkuntza eskubide batzuk edo beste batzuk aitortzen dizkie legeak herritarrei: "Irurtzunen bizi, iruñean edo Noainen bizi den nafarrak ez du eskubide berbera", azaldu du. Bestelako eraginez ere ohartarazi du Arangurenek: "Zerbitzu publikoetan eusakaraz aritzeko ezintasuna, euskaraz haurrek ikasteko egin beharreko kilometro andana edo euskaraz ikastearen edo herrian geratzearen arteko erabakia hartu behar izatea". 

Inposizio hitza erabiltzen dute alderdi politiko hainbatek euskara aipatzen delarik: "Hizkuntza bakarrarekin gertatzen da hori. Gainerako hizkuntzak aipatzen direlarik aberastasunaz eta aniztasunaz hitz egiten dute", uste du Arangurenek. Hain zuzen, euskararen ofizialtasuna erdietsi nahi ez dutenek diote inposatu eginen litzaiekeela euskara nafar askori: "Etorkizuna eraiki nahi bada egungo egoera zein den kontuan hartu ordez aintzat hartu beharko litzateke zein gizarte eredu sortu nahi dugun", adierazi du Arangurenek. 

Amets Arangureni egindako elkarrizketa osorik entzun dezakezu argazkiari klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!