Ezkabarteko euskarazko testuak ikusgai daude Arren

Reyes Ilintxeta 2023ko aza. 20a, 17:47

Euskara Ezkabarten: paperetik ahora erakusketa azaroaren 25era arte izanen da ikusgai Arreko Gizarte Etxean. Euskaltzaindiak antolatutako erakusketa honen inaugurazioa Jose Manuel Urtasun apaiz eta idazlearen jaiotzaren 250. urteurreneko programazioaren lehen ekitaldia izan da. Azaroaren 26an, Urtasun-Lakidain apaiz anaiei eginen zaie omenaldia, Zildozko haien sortetxean.

Erakusketa honen helburua Ezkabarteko euskarari begirada zabala ematea da: garai zaharretako idazkietatik hasita, testu erlijiosoak, ordenantzak eta bestelako idazkiak bai eta azken hiztunak eta euskararen gaur egungo egoera ere.

Ekaitz Santazilia, erakusketako edukien arduradunak azaldu du euskaraz idatzita aurkitu diren 110 sermoiek eta beste testuek balio handia dutela: “Erakusketa honek argi erakusten du, batetik, euskara eta Ezkabarte eskutik doazela eta, bestetik, idatzizko hizkuntza ere bazela: etxerako soilik balio zuelako ideia hori baztertu behar dugu”.

Erakusketa azaroaren 25era arte Arreko Gizarte Etxean ikusgai izanen da eta azaroaren 24an bisita gidatu irekiak eginen dira 18:00etan euskaraz eta 18:45ean gazteleraz. 

Igandean omenaldia

Igandean erakusketa Zildozko kontzeju etxera eramanen dute, herri honetan omenaldia eginen baitzaie Urtasun Lakidain apaiz anaiei, haietako nagusiaren jaiotzaren 250. urteurrenean. 

Omenaldi ekitaldia Zildozko elizan izanen da 12:00etan eta sarrera librea aretoa bete arte. Jarraian Perutxena etxean, Urtasun Lakidain anaien sortetxean. 

(Argazkian: Koldo Artola ikertzailea, Ceferina Cenoz Ezkabarteko azken euskal hiztunetako bati 80ko hamarkadan elkarrizketa grabatu ziona eta Ceferinaren hiru alabak, joan den ostiral arratsaldean Arreko Gizarte Etxean, erakusketaren aurkezpen saioan.) 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!