Hamaika Musika zikloaren bosgarren edizioa martxan da azaroaren 13tik 30era bitartean. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko (NGMMK) hezkuntza komunitateak egindako lanari ikusgarritasuna emateko zikloa da eta 30 jarduera baino gehiago antolatu dituzte publiko zabalari zuzenduta. Jarduera guztiak doakoak dira eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
Bertan, ikastetxean egin daitezkeen espezialitateak sartzen dira, interpretazio klasikotik edo jazzetik hasi eta pedagogia, konposizio edo musikologiaraino. Kontzertuez gain, zikloak jarduera osagarriak ere baditu: hitzaldiak, topaketak eta aurkezpenak.
Bosgarren edizio honetan irakasleek aurkeztutako bi sorkuntza-proiektuak ezagutzera eman nahi dituzte, 72-22 topaketek aukeratu baitituzte. Proiektuok Joseba Torre eta Juan José Eslava musikagileek egin dituzte.
Goi Mailako Kontserbatorioko bandez gain Romain Pilon Trio nazioarteko taldearen bisita jasoko dute. Romain Pilon (gitarra), Jeff Denson (kontrabaxua) eta Fred Pasqua (bateria) musikariek osatzen dute taldea eta hilaren 14an masterclass bat eskainiko dute NGMMKko ikasleentzat eta kontzertua Nafar Ateneoan eskainiko dute. Gainera, musika zikloaren berrikuntzen artean, NGMMK Podcast inauguratuko dute.