Done Saturdi Eguna: faroltxoak zerura eta buruhandi eta erraldoien konpartsa Eliza barrura

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 6a, 10:32

Iruñeko egun handia izaten da Done Saturdi eguna, azaroaren 29a. Aurten ere Iruñeko Udalak programazio zabala aurkeztu du: farolatxoak bidaliko dituzte zerua, erraldoi eta buruhandien konpartsa San Saturnino Eliza barruan ariko da eta 3.000 eskumutur fluoreszente banatuko dituzte. Eguberrietako argiak ere egun horretan piztuko dituzte lehenengoz arratsaldeko 6etan. 

Done Saturdi eguna azaroaren 29an da. Egun hori Iruñerako berezia izaten da. Hiriaren patroia izanagatik ekitaldi ugari antolatzen ditu Iruñeko Udalak eta aurten ere hala izanen da: farolatxoak piztu eta zerura bidaliko dituzte Baionarekin duen senidetzeari keinu eginez,  erraldoi eta buruhandien konpartsa ere aterako da eta 3.000 eskumutur fluoreszente banatuko dituzte. Lehenengoz erraldoiak eta buruhandiak San Saturnino Elizan dantzan izanen dira Batasunaren 600. urteurrena izan dela-eta eginen dute hori. Udaletxeko balkoiak musikaz beteko dira eta ohiko prozesioak ere eginen du bere ibilbidea. Ohitura zaharrekin segituz eguberrietako argiak ere arratsaldez piztuko dituzte 18:00etan eta urtarrilaren 6ra arte izanen dira pizturik. Argiei Demode Quartet taldearen ahotsekin eginen zaie ongi etorria. Joli Pascualenaren taldea balkoietan izanen da kantuan. 

Done Sartudi egunaren harira, programazioa

Azaroaren 28, asteartea

  • Ivan Ferreiroren kontzertua. 21:00etan Zentral Kafe Antzokian izanen da eta sarrerak 10 euroan eskura daitezke. 
  • La Pamplonesa musika bandaren kontzertua 20:00etan izanen da Gaiarre antzokian. Sarrerak 5 eta 10 euroan daude eskuragarri. 

Azaroaren 29, asteazkena

  • 9:30ean aterako da erraldoi eta buruhandien konpartsa autobus geltokitik. Bakearen plaza, Yanguas eta Miranda, Garcia Ximenez, San Ignacio etorbidea, Sarasate pasealekua, Gazteluko plaza, Txapitela eta Merkaderesen ibiliko dira Udaletxeko plazaraino iritsi arte.
  • 10:15ean izanen da prozesioa. Udalbatza irtengo da eta San Saturnino, Kale Nagusia, Arazuri Doktorea eta Kale Nagusia zeharkatuko dituzte. San Saturnino Elizan amaituko da. 
  • 11:00etan erraldoi eta buruhandien konpartsa San Saturnino Elizan ariko da dantzan elizkizunak hasi aurretik. 
  • 12:15ean Udaletxeko plazan izanen dira erraldoi eta buruhandiak, Duguna dantza taldeko dantzariekin batera. Horren ondotik, itzuli eginen da konpartsa autobus geltokira. 
  • 17:30ean Udaletxeko eguberrietako jaiotzaren inaugurazioa eginen dute. 
  • 18:00etan eguberrietako argiak piztuko dituzte eta Demode Quarteten kantak entzunen dira. Udaletxeko balkoietan izanen dira abesten. 
  • 19:00etan La Pamplonesa musika bandaren aktuazioa Nafarroako Dantza Eskolarekin batera. Gaiarre antzokian izanen da. 
  • 19:30ean Abestu gure Queen. Queen taldeari tributu. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!