Eskola jardunaldiaz ikastetxeek erabakitakoa errespeta dezala eskatu diete sindikatuek hezkuntza kontseilariari

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 3a, 13:35

Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute.

Hezkuntza Departamentuak eskola jardunaldia arautzeko egindako foru legea erretiratzeko eskatu diete Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek. Hezkuntza- komunitateak eta ikastetxeen %84ak egindako aukeraketa errespetatzeko eskatu diote Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariari. Prozesua demokratikoagoa egiteko ere exijitu diote. 

Eskola jardunaldia arautzen duen foru aginduaren aurka egiteko batu dira hezkuntza alorreko sindikatuak. Jardunaldi malgua edo jarraia erabakitzeko unea iritsiko zaie ikastetxeei eta horretarako Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariak iragarri zuen zentro guztiak igaroko zirela jardunaldi zatitua izatera bozketen emaitzen zain. "Ulergaitza da kontuan hartuta, gainera, ikastetxeen %84ak jardunaldi jarraia duela hala erabaki zutelako", esan du Angela Campos Steilas sindikatuko eledunak. Ez hori bakarrik. Prozesuan eskatzen den bozketarekin ere kexu azaldu dira: "Lanaldi aldaketa aurrera eramateko beharrezkoak diren baiezko botoen pertzentilak (irakasleen 3/5en, Eskola Kontseiluaren 2/3 eta ikasleen errolda osoaren 3/5) gehiegizkoa da eta gaineratuta botoa ematen ez dutenak aldaketaren kontrakotzat hartuko direla". 

Foru dekretu horretan berrikuntza bat ere txertatu dute: seigarren ordua gehitzeko aukera. Eskola ordutegiak erabat aldatzea ekarriko luke hori aztertu gabe onuragarria izanen litzatekeen ikasleentzat edo ez: "Europako herrialdeetan azterlanak egin dituzte gaiarekin eta batek berak ere ez du txertatu seigarren ordua", esan du. Ikasleen jardunaldia luzatzeak ekarriko luke euren aisialdia txikitzea eta horren "kalteak" asko izan daitezkeela uste dute.  

Errespetu falta iruditzen zaie sindikatuei Hezkuntza Departamentuak hartu duen jarrera. Ez dituelako ikastetxeak kontuan hartzen. Egindako bozketen emaitzak hankaz gora utzi nahi dituelako. Heldu den ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina iritsi aurretik egin nahiko luke prozesua Hezkuntza Departamentuak. Hortaz, denborarik galdu gabe foru legea atzera botatzeko eta hezkuntza komunitateak aukeratua duen eskola jardunaldia errespeta dezala eskatu dute Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek.

Negoziazio garaia amaitutzat eman du Gimenok

Sindikatuei erantzuna iritsi zai Carlos Gimenorengandik: Prozesu negoziatzailea izan dutela esan du eta orain espero duena dela Eskola Kontseiluak astelehenean foru agindua bere horretan ontzat ematea. Hezkuntza komunitatea izanen da zuzenketak eta alegazioak eginen dituena gero. Eskola publikoko zuzendariekin eta guraso elkarteen federazioarekin gaia landua dagoela ere nabarmendu du Gimenok.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!