Bidaia bat proposatu du Madre Coraje Gobernuz Kanpoko Erakundeak: Ohiko dendetan erosi daitezkeen kamiseta bat hartu eta norberarengana iristen den arteko ibilbidea egiteko gonbitea da. Erakusketa modura Arrosadia auzoan, Zangoza kaleko 38.ean, zabaldu berri duten saltokian ikus daiteke bidaia hori. "Sentitu, ukitu eta hausnartu egin daiteke. Horretarako bide ematen du erakusketak eta ezagutzeko kamiseta bat sortzetik guk janzten dugunerainoko bidaia zein den", azaldu du Madre Coraje erakundeko teknikari Paula Diazek. "Bangladeshen egiten dira guk soinean daramatzagun jantzi asko eta emakume haien lan-baldintzak zer nolakoak diren jakinen bagenu, hausnartu eta beste erosketa modu bat aukeratzeko hautua eginen genuke", gaineratu du.
Bigarren aukera bat erabilgarri daudenei
Saltokia ere zabaldu dute gaur: bigarren eskuko produktuz josia dago. Arropa, oinetakoak, jolasak, etxe tresna txikiak eta armairuak tartean. "Bigarren aukera bat emanen zaie oraindik erabilgarri dauden horiei", dio Diazek.
Madre Coraje Gobernuz Kanpoko Erakundeak denda honekin ateratzen duen dirua Peru eta Mozanbiken martxan dituen proiektuetara bideratzen ditu. Hango herrietako biztanleei ura etxeetara iritsarazi eta eskolak haurrengana hurbiltzeko.