Zahar egoitzetako langileek Nafarroako lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioaren blokeoa salatu dute

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 26a, 12:19

Zahar egoitzetako langileak protestan. Argazkia: LAB

Iruñea erdiguneko hainbat kaletan trafikoa moztu dute desblokea exijitzeko; LABek lan-baldintza duinak aldarrikatu ditu.

Zahar egoitzetako hainbat langilek Iruñeko hainbat kaleetako trafikoa eten dute protestan, hain zuzen, Nafarroako lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioaren blokeoa salatzeko. LAB sindikatuak negoziazioei berriro ekitea eskatu du gaur Iruñerriko kaleetan. Iragan ekainean berriro mahai gainean jarri zituzten negoziazioak, baina ez doaz aurrera.

LAB sindikatuko 40 bat pertsona batu dira Nafarroako Gobernuari eta patronalari jakinarazteko "badela garaia hitzarmenaren negoziazioa mugitu eta desblokeatzeko". Izan ere, LABek adierazi duenez, "azken hilabeteotan geldirik egon baita, eta horrek erakusten du patronalak ez duela inolako interesik sektoreko baldintzak duintzeko".

Sindikatuak jakinarazi duenez mobilizazioak egiten jarraituko dute "behar beste aldiz" lehen hitzarmena lortu arte. "Lan-baldintza duinak" aldarrikatu nahi dituzte bertan. Esaterako, honakoa biltzen duen hitzarmena nahi dute: "bajak ez dira absentismoarekin lotuko, ez da abusuzko klausularik sartuko, ez da inolako izozterik egongo, soldata eta lanaldi duinak izango dituzte, lana, bizitza eta zaintzak bateratzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!