Mila gazte bildu dira Baluarten Sarean Euskaraz jardunaldietan

Euskalerria Irratia 2023ko urr. 11a, 19:38

Iruñerriko D ereduko 15 eta 16 urteko 1000 gazte bildu dira astearte eta asteazkenean Baluarten Euskarabideak antolatu dituen Sarean Euskaraz topaketan. Kultura digitala euskaraz sustatzea, eta euskararen erabilera bultzatzea dira ekimenaren helburu nagusiak. 

Zapigarren edizio honetan gazteak, hiru txandatan eta beste hainbeste aretotan banaturik, 8 lantegitan trebatu dira, 2 hitzaldi labur entzun dituzte eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatu dira.

Euskarazko IKTen alorrean murgiltzeko esperientzia hori goiz bakar batetik eta Baluarte Jauregitik harago luza dadin nahi dute Sarean Euskaraz ekimenaren bultzatzaileek. Hala, Iruñerritik kanpoko beste 400 gazterengana ere helduko da ekimena.  Zehazki, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza eta Tafallako 5 institututan hartuko dute programaren lantegi bat edo gehiago.

Gainera IKT ikastaro zikloaren bitartez, Sarean Euskaraz proiektuak 15 lantegi antolatuko ditu beste hainbeste herritan. Horietatik 2 Iruñean bertan izango dira, eta gainontzekoak Tafalla, Antsoain, Leitza, Burlata, Barañain, Altsasu, Uharte, Gares, Arbizu, Atarrabia, Tutera, Otsagabia eta Erronkarin.

Gaur goizean San Fermin ikastolako Ane eta Julen eta Alaitz institutuko Beñat eta Oihanerekin mintzatzeko aukera izan dugu. Honetaz gain, Gisa Elkarteko Maider Likona adituarekin hitz egin dugu sarean dauden pribatutasunaz eta arriskuez. Hitz hauek guztiak Irrintzi Plaza saioan aditu ditugu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!