Buruko gaitzek sortzen duten "estigmatizazioarekin" amaitzeko eskatu dute

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 10a, 13:27

Elkarretaratzea egin dute goizean parlamentuaren aitzinean Mejorana Elkarteko kideek.

"Ni pertsona bat naiz, ez naiz diagnostikatu didaten gaitza", esan du Sandro Iabonik. Mejorana Elkarteko kideak eskatu du osasun gaitzak dituzten pertsonak ez ditzatela "mounstro" gisara hartu. Erakundeei exijitu diete buruko osasunari arreta emateko "bide berriak" aztertzera eta Buru Osasunerako Plan berria diseinatzerako garaian "euren ahotsa" entzun dezatela.  

Mejorana da Nafarroan Buruko Osasunerako Elkarte bakarra. "Buruko gaitzaren diagnostikoa estigma bilakatzen da eta kalera ateratzea aurpegia ematea da", esan du Sandro Iaboni Elkarte horretako kideak. Buruko gaitza dutenak "ez dira pertsona arriskutsuak edo izkutuan egon behar direnak", esan dute gaur egindako elkarretaratzean. 

"Gizartea eta bereziki osasun sistema bere horretan ez dago prest arazo psikologikoei aurre egiteko", uste du Iabonik. Ospitale psikiatrikoetan eskubide urraketa izaten dituztela salatu dute. Ohera lotuta egoten dira pertsona batzuk eta hori debekatua dagoela jakinarazi dute.

Buruko Osasun Plan berria, martxan

Proposamenak ere baditu Mejorana Elkarteak. Aurten, Buruko Osasunerako Plan Estrategiko berria eginen dute eta osasun arazoak dituzten pertsonak entzun ditzatela eskatzen ari dira. Lehen unetik eurekin hitz egin eta euren eskaerak kontuan hartzeko deia egin diete erakundeei. Gaur goizean Sarasate pasealekuan elkarretaratzea egin dute eta informazio gunea ere jarri dute. Arratsaldean ere izanen dira: Iruñean ez ezik, baita baita Tuteran eta Lizarran ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!