Substantzia per- eta polifluoroalkiloak (PFAS)
Duela aste batzuk ozono geruzaren errekuperazioaren inguruan aritu ginen. Konposatu klorofluorokarbonoek (CFCek) ozono geruza kaltetu zutela ikusi genuen, eta duela berrogei urte emandako debekuak ozono geruzaren errekuperazioa eragin zuela ere bai. Molekulez osatuta dago gure ingurunea, baita gu geu ere, eta batzuk kaltegarriak izan daitezke, naturalak ala artifizialak diren ala ez axola gabe. CFCen kasuan ikusi bezala, konponketa ere Kimikatik etorri zen, CFCen ordezkoak bilatu eta sintetizatu zirelako. Gaurkoan, gure protagonista beste konposatu mota batzuk dira, PFAS moduan ezagutzen direnak: Per eta polyfluoroalkyl substances ingelesez (hortik siglak), euskaraz substantzia per eta polialkil fluoratuak deiturikoak.
PFAS substantzien artean gizartean erabiltzen diren milaka konposatu kimiko sintetiko aurki daitezke. Europar Batasuneko Konposatu Kimikoen Agentziako webgunean (ECHA_PFAS) irakur dezakegun moduan, gero eta gehiago identifikatzen ari dira ingurugiroaren kutsatzaile moduan, eta hauetako batzuk gainera giza osasunean eragin negatiboa dutela adierazi da. Konposatu hauek maiz aurkitu dira ur kutsatuan eta lurrean. Kontaminatutako zonaldeak garbitzea teknikoki oso zaila da eta gainera, garestia. Hauen zabaltzeak jarraitzen badu, akumulazioa ematen jarraituko da ingurugiroan, ur potablean eta janarian.
Kimikoki, konposatu hauek karbono eta fluor atomoen arteko lotura kobalenteak dituzte, besteak beste. Lotura hauek oso sendoak dira, ezagutzen diren sendoenetakoak kimika organikoan. Hau dela oso erabiliak ez direlako degradatzen. Baina, tamalez, honi esker ere oso kutsagarriak izan daitezke, ez direlako degradatzen. Horregatik ere betirako kutsagarri ala eternalak moduan bataiatu dituzte, denbora oso luzez aguantatu dezaketelako degradatu gabe, ingurugiroa kutsatuz.
Esan bezala, aplikazio ugarietan aurki ditzakegu konposatu hauek. 1940. Hamarkadan hasi ziren erabiltzen, eta egunerokotasunean erabiltzen ditugun hainbat tresnetan, janzkietan eta aparatuetan erabiltzen dira. Konposatu hauek materialari propietate hidrofoboak ematen die, hau da, ura alderatzen dute, eta horrela material hauetan janaria ez itsastea, urak ez bustitzea eta abar baliatzen dute. Zartagietan erabiltzen den tefloia, ala arropan erabiltzen den Gore-Texa ditugu adierazle. Hauetaz gain, PFASak oso erabiliak dira arlo askotan, ez bakarrik industrian: pinturak, kosmetikoak, enbalajeak, kotxeen osagaiak, eta abar.
Kutsakortasun honen ondorioz, 2023ko Otsailaren 7an, Helsinkin, ECHAk bere proposamena publikatu zuen PFAS konposatuen erabilera mugatzeko. Bere idatziaren arabera, hamar mila konposatu inguru mugatzea pentsatzen ari da ECHA, eta detaileak agentzia honen webean topa daitezke. Hemendik aurrera, agentzia honen komite zientifikoa konposatuen toxizitatea ebaluatzen hasiko dira, gizakien osasunean eta ingurugiroan duten arriskua baloratuz eta gizartean duten eragina aztertuz. Autoritateen estimazioen arabera, hurrengo 30 urteetan ingurugiroan bukatuko duten PFAS kantitatea 4.4 milioi tonakoa izango da, ez badira neurriak hartzen.
Europar Batasuna abiatu da neurriak hartzeko bidean eta aurten arautu nahi ditu konposatu hauen erabilera. ECHAk joan den urtarrilean jarri du abian prozedura berri bat gai honetan aurreratuen dabiltzan Alemaniak, Danimarkak, Herbeherek, Norvegiak eta Suediak sustaturik, ingurumenean barreiatzen diren PFASak murrizteko. Sei hilabeteko epea ezarri du zientzialariek eta alde interesatuek proposamena eztabaidatzeko eta asmoa du araudi berria 2023ko martxoan jartzea indarrean.
Dena den, orain arteko Europar Batasuneko kontrola urria izanik, kontinenteko hainbat hedabide handik The Forever Pollution Project (Betirako Kutsadura Proiektua) garatu dute. Tartean daude Frantziako Le Monde, Alemaniako NDR, WDR eta Süddeutsche Zeitung, Italiako Radar Magazine eta Le Scienze, Erresuma Batuko The Guardian, Suitzako SRF eta beste hainbat. Hedabide hauek egindako lanari esker, duela gutxi kaleratu da osatutako ikerlanaren txostena.
Txostenaren inguruko artikulu luzea irakur daiteke Argian: Bertan, Le Mondek argitaratutakoa irakur daiteke: “Kutsadura ikusezin eta gaizto bat da gizadiak nozitu beharko duena mendeetan eta are milaka urteetan ere. Europa osoan milaka gune daude PFAS deitu kutsagarri kimikoz pozoituta. Beren ezaugarri oso bereziei esker, produktuok nahitaezko bihurtu dira hainbat prozesu eta objektutan, hasi zartagien ez eransteko pelikulatik eta erdi-eroaleetaraino”.
Arazo nagusienak lehen herrialde industrializatuetan topatu zituzten, Europa erdialde eta iparraldean, hurrenez hurren. Euskal Herrian, aldiz, arriskua dugula garbi dago. PFAS hauek milaka kilometrotara desplaza daitezke, ez dute zertan bakarrik kutsatu behar produzitu diren herrialdeak. Euskal Herrian, ToxicoWatch fundazioa horien arrastoen bila dabil Zubietako erraustegiaren inguruko goroldio, hosto, ur eta lohietan, erraustegiek hondakinak erretzean horiek ere aireratzen dituztelako, dioxina, furano, metal astun eta beste kutsagarriekin batera.
Abel Arkenbout toxikologoak behin eta berriro salatu duenez, PFASak dioxinak berak baino are kutsagarriagoak dira. Eta kutsadura kontrolatu behar duten aginte publikoak beti bezala erraustegietan ere industriaren oso atzetik dabiltzanez, kontua da PFASen kutsadura zabaltzen duten erraustegien kontrolean PFASak ez direla aipatu ere egiten. ToxicoWatchek, alabaina, komenigarri ikusi du Zubietan PFAS horien presentzia aztertzea, ziurra delako berandu baino lehen Europako agintariek legedia zorroztu beharko dutela kutsagarri hauen erabilera mugatzeko.
Ikusten denez, nahikoa kontrobertsia dago gai honen inguruan. Dena den, osasun adituek eritasun askorekin lotuta ikusi dituzte PFASak. The Forever Pollution proiektuaren azterketan aipatzen dituzte batzuk: giltzurrunetako eta barrabiletako minbizia, tiroideetako eritasunak, kolitis ultzeraduna, hiperkolesterolemia, haurdunaldiko hipertentsioa, ugaltze aparatuko gaixotasunak, immunitate arazoak, eta abar luzea.
Garbi dago oso garrantzitsua dela konposatu hauen eragin toxikoa ongi neurtzea, eta beharrezkoak diren neurriak hartzea hemendik urte batzuetara arazo larririk izan nahi ez badugu. Hori dela eta, Europar Batasunak ezarriko duen araudiak benetan beharrei eragitea oso garrantzitsua da. Araudi honek Euskal Herrian ere eragina izango du. Hasteko, PFASk ekoitzi edo erabiliz horiek airean, uretan eta naturan barreiatzen dituzten hainbat lantegi txiki, handi eta oso handien lanean. Baina eragin beharko luke ere PFASak kixkaliz –eta erretzean beste kutsagai askorekin nahasiz– bazter guztiak kutsatzen dituzten erraustegi, zementu fabrika eta abarretan. Kontua da ea hemengo administrazioak noiz hasiko diren kutsadura horiek denak neurtzen. Neurtzen ez denik ez baita existitzen, legearentzako bederen. Eta horrela gizaki, animalia eta landareen osasunak gaixotzen dira existitzen ez diren kutsaduren amorez.