Taldea berriz sortu da baina taldekideak lehenagokoak dira: Pello Artabe (abotsa), Alex Harillo eta Aritz Ontalvilla (kitarrak), Peio Artetxe (baxua) eta Manu Forte (bateria). Pandemia garaia krisi unea izan zen haientzat: "Kristöri eskean ibiltzetik KRISTONAK izatera pasatu gara, edo hori sinestarazi nahi diogu geure buruari. Pandemiaren luzeak pitzatu egin gaitu fisikoki, emozionalki eta mentalki, hemen aipatuko ez ditugun hainbat motiborengatik, eta taldea desegitea ere pasatu zaigu noizbait burutik momenturik beltzenetan. Halere, dena ez da txarra izan, egon dira gauza onak ere. Horietako bat izan da Donostiako Elkar Estudiora joan eta gordeta genituen kantu zirriborroei forma eta kolorea ematea. Etsita geundelako sartu ginen estudiora eta han gertatutakoak pilak kargatu dizkigu. Taldearen hastapenetako rock&roll zuzen, gordin eta ganberroena eman digu gorputzak, horixe atera zaigu, ia konturatu gabe. “Haitzean jaioak haitzera nahi” dio esaera zaharrak, eta zer esanik ez gu Arratiarron kasuan. Eta izen aldaketarena zer dela eta? Eziguzue eskatu erantzun transzendentalik, ez dizuegu emango eta. Rock&rolla egiten dugu eta kitto, kitto! Bueltan gaude madarikatuok! “AhOBETEhORTZ” izan da berpizkunde honen lehen emaitza."
Zortzi kantak osatzen dute lan berria eta horietatik bostetan taldearentzat erreferente diren bost musikariren parte hartzea izan da: Roberto Moso (Zarama) "Hauxe da mementua" abestian, Aiora Renteria (Zea Mays) "Ontziak sutan" abestian, Jose Mari (Bizardunak) "Gora Euzkadi ataskatuta!" abestian, Olana Liss "Akarrusin" abestian eta Niko Etxart "Moogie Boogie" abestian. Nikok taldearen lehen diskoan (Eskean Kristörekin) ere kolaboratu zuen eta birjaiotze honetan ere ezinbestekotzat jo du taldeak haren presentzia.
1970eko hamarkadako rock klasikoa da Kristonak taldearen oinarri nagusia, baina rockaren ezpal guztiak ukitzen ditu diskoak. Hitzei dagokienez "badago drama, eta baita umorea eta kritika ere, baina ironiatik, sarkasmotik, poesiatik", azaldu dute taldekideek.