Gizalaba: Carol Atxukarro, zinemako makilatzaile eta ileapaintzaile saritua

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 24a, 20:41

Carol Atxukarrok Hondarribiatik alde egin zuen gaztetan, hango giroan gogorra zelako emakume transexuala izatea. Familiaren erabateko babesa izan arren, mota askotako erasoak pairatu behar izan zituen. Egun Bartzelonan bizi da eta arrakasta lortu du bere lanbidean: "Los renglones torcidos de Dios" filmean egindako makilajea eta ileapaingitza lanarengatik Kataluniako Gaudi sari ospetsua irabazi berri du eta gerta daiteke Espainiako Goya saria ere laster irabaztea. Hau da aste honetan Bakarne Atxukarrok, haren lehengusinak, ekarritako Gizalaba. 

Carolina Atxukarro
Arratsalde on. Ostegunean “Iruña beltzaren” egitaraua barnean mintzaldi bat emango
dut Zanduzelaiko liburutegian, arratsaldeko 6.30etan; beraz, entzule guztiak
gonbidatuak daude.
Bertan, liburu bati buruz hitz egingo dut, baita haren bidez egin dudan bidari buruz ere.
Beraz, literatura, pasadizoak, abenturak eta ipuinak kontatuko ditut. Eta, martxa hartuta
dudanez, gaur ipuin bat ekarri dut hona. Haren pertsonai nagusia, gaurko gizalabatzat
hartuko dugu: Carolina Atxukarro. Prest?
Okerreko leku eta gorputzean jaio zen, Hondarribian, itsas-bazterreko herrian,
panpinekin jolasten eta soineko arrosak janzten zituen mutil bat ikusteko prest ez
zegoen herrian. Bere inguruan, inork ez zituen bere modukoak onartzen; bere hizkera
fina edota moda eta edertasunarekiko zeukan gustua, ere ez.
Isekak, irainak eta, askotan ere kolpeak jasan behar zituen kalera ateratzen zen
bakoitzean.
Bere gorputza ez zen atletikoa, oso argala baizik, gaixo itxurakoa kasi. Bere larruazala
gardena zen, pasa den mendeko emakume europar lirainenen parekoa. Bere hatz
luzeak ile kizkurrekin jolasean aritzen ziren beti eta bere hanka luze eta ongi
formatuek minigona eramatea eskatzen zuten, galtza bakeroak alde batera utzita.
Ez, ez zen mundu honetarako egina.
Nahiz eta beti emakumeez inguraturik egon, mutil harroputzek haren inbidiarik inoiz ez
zuten izan. Indioilar polit bat zen, lumaje imitaezinezkoa, ondoan baserri arrunt bateko
oiloek ez zituena. Eta, horrela, oso zaila zuen bere tokia aurkitzea herrian .
Horregatik, soldadutza egitera deitu zutenean, eta bere herritik kanpo beste mundu
bat bazegoela ikusi zuenean, ahatetxo itsusiak adorea bildu eta, desagertu egin zen,
noizbait zisne bihurtzeko itxaropenarekin.
Donostiara alde egin eta gero, bere barnean zeramana ezagutzeari eta garatzeari ekin
zion, besteen kritikei kasurik egin gabe. Plataformadun oinetakoetara igo, traje estu
hagitz femeninoak jantzi, eta, aurpegian makillaje ugari jarriz, farandularen munduan
murgildu zen Drag-Queen gisa. Gaueko diva bihurtuta, telebistako lanak onartu
zituen, estatu mailako sari batzuk lortu, jendearekiko harremanen arloan ere jardun,
eta, poliki-poliki, zegokion errespetu zatia bereganatuz joan zen.
Baina, zati horrekin ez zuen aski. Ondo bazekien egiten ari zena mozorrotzea besterik ez
zela. Ispiluaren aurrean bere burua larrubizirik ikusten zuenean, negar egiten zuen
oraindik. Bere kokots markatuak, ahots latzak eta gorputz osoan zuen ileak bere senetik
ateratzen zuten. Fisikoki gizasemea zela konturatzen zenean sufritu egiten zuen, eta
kalbario horri amaiera emateko irtenbide bakarra bururatzen zitzaion.
Bartzelonara ospa egin zuen, ezagunen begiradetatik urrun. Akuarelen garaiko Van
Gogh zela sentitzen zuen, eta, aldi berean, pentsatzen zuen iritsia zela pintzelkadaz
pintzelkada bere gorputzaren irudi berria zirriborratzeko unea.
Hori buruan izanda, bere aldakak forma hartzen hasi ziren, eta titiak handitzen ari
zitzaizkiola ohartu zen. Zirujauaren zizelak sudurra findu egin zion eta silikonak ezpain
desiragarriak eman zizkion. Larruazala leun geratu zitzaion, inolako inperfekziorik
gabea. Hormonen medio, erabateko gizalaba bihurtu zen.
Aldaketa horretan murgildurik zegoenean, jende anitz aurkitu zuen, eta beste anitz
baztertu. Bikote sendo bat eraiki zuen bere Juanma maitearekin, eta, gero, neska
arrunt baten bizitzari ekin zion. Zapata-denda batean hasi zen lan egiten, jatetxe
bateko enkargatu bilakatu aurretik.
Nahi zuen bizitza bizitzen ari zen, mutilarekin maiteminduta, amaginarrebarekin oso
harreman estuan, bi txakur etxean, aita eta ama bisitatxo bat egiten noizbehinka eta
benetan maitatzen zuen jendearekin harremanetan beti.
Baina gaztaroan egin zituen pelukeria ikasketak berreskuratzeko nahian zebilen, eta,
noizean behin egiten zituen gaueko bolo batzuetan erabiltzen zituen, baita
makillajearekiko zeukan zaletasuna ere.
Egun batean, produktora batera sartzeko gonbidapena jaso zuen. Bere lana
telebistako programetan agertzen ziren aurpegi oso ezagunak makilatzea izango zen.
Baietz esan zuen segidan. Modu horretan, Pablo Motos, Boris Izaguirre, Risto Mejide
eta abar handia ezagutzeko aukera izan zuen. “Tu cara me suena” programan
egindako lanagatik Txinara joateko beste gonbidapen bat jaso zuen, hango
profesionaleei irakasteko teknikak. Orduan ezetz esan zuen. Etxean geratu nahiago
zuen.
Duela urte batzuk, tele saio bat egitea proposatu zioten. Pelukeria eta makilajearen
ardura hartu beharko zuen. Geroztik ez da telebistara bueltatu.
Eta, iaz, ordurarte eskuartean izan zuen proiekturik handienari ekin zion. “Los
renglones torcidos de Dios” filmerako pelukeria eta makillajearen arduradun bihurtu
zen. Pelikula eta lan horri esker, Gaudi sariraro eta Goya sarirako nominazioak lortu
zituen.
Igande honetan lehendabizikoa eskuratu zuen, Gaudi saria. Poz handiz igo zen
eszenatokira eta dedikatoria batzuk eskeini zituen: lehenik eta behin haren lan
taldekideei, gero beste artistei eta zinema arloko babesleei, laguntzaileei, etab.
Bukatzeko, aita eta ama aipatu zituen, Juanma, familia, eta, azkenik, jaioterria.
“Jaiotzen ikusi ninduen herriari dedikatu nahi diot sari hau, Hondarribiari”.
Orduan, ahate itsusia zisne ederra eta paregabekoa bihurtu zela agerian geratu zen.
Bere esku zegoen burla guztiak bueltatzea, momentu txarrak nabarmentzea eta
berriro ez gertatzeko eskatzea. Arrazoi guztiak zeuzkan bat baino gehiago sorbalda
gainetik begiratzeko.
Baina ez zuen horrelakorik egin, bera txikikeria horiek baino askoz handiagoa baita.
Ahoan beti irifar bat dauka, beti txantxetan ibiltzeko prest dago, beti alai. Haren
ondoan egotea gozamena da, eta lekzio erraldoia, zalantzarik ez.
Horregatik ekarri dugu gaur honera. Eta zorte handia desiatzeko ametsetako Goya
hori eskuratzeko. Otsailaren 11n jakingo dugu emaitza.
Baina, egia esanda, eskuratzea edo ez eskuratzea ez zaigu inporta, guretzat txapeldun
hutsa baita.

Bakarne Atxukarro

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!