Ventura Ruiz eta Joxe Aldasoro dira Egile Berrientzako lehiaketako irabazleak

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 3a, 12:28

Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berrientzako Literatur Lehiaketaren XXXII. edizioan 18 lan aurkeztu dira, 9 narrazio eta beste horrenbeste poema bilduma. Narrazio laburrean Joxe Aldasoro etxarriarrarentzat izan da lehen saria “Biyer egueldi” izeneko lanarengaik eta poesian Ventura Ruiz iruindarra izan da irabazlea “Heriotza likidoak” izeneko lanarengatik. 

(Argazkia: Ventura Ruiz)

Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berrientzako Literatur Lehiaketaren XXXII. edizioaren saridunak ezagutzera eman berri dituzte.  18 lan aurkeztu dira, 9 narrazio eta beste horrenbeste poema bilduma. Narrazio laburrean Joxe Aldasoro etxarriarrarentzat izan da lehen saria “Biyer egueldi” izeneko lanarengaik. Tortura da narrazio honen gai nagusia.

Poesian Ventura Ruiz iruindarrarentzat izan da lehen saria “Heriotza likidoak” izeneko lanarengatik. Lehorrekoa izanda ere, konfinamendu garaian itsasoa faltan sumatzen zuela adierazi digu, eta horregatik itsas bazterrera doan bikote bat da protagonista.

 

Narrazioaren atalean beste bi idazle izan dira sarituak:  Iker Tubiak bigarren saria irabazi du eta Ainara Tirapuk hirugarrena. Poesian Rakel Pardorentzat izan da bigarren saria eta Malen Alzuarterentzat hirugarrena.
Honetaz gain hiru aipamen berezi egin ditu Angel Erro idazleak, Amaia Apalauza itzultzaile eta euskaltzainak eta Jon Alonso idazle eta itzultzaileak osatutako epaimahaiak. Itziar Aguirre, Iñigo Satrustegi eta Oier Ruiz Sarriasen lanek jaso dituzte aipamen berezi hauek.

Iruñeko Udalak saridunen izenak ezagutzera eman ditu eta laster argitaratuko du lan guztiak biltzen dituen liburukia, baina aurten Enrique Maya alkateak ez ditu saridunak bildu nahi izan sariak banatzeko.

Uztailean deitutako lehiaketaren helburua da euskarazko literatur sorkuntza sustatzea Nafarroako egileen edo komunitatean bizi direnen artean, baldin eta argitaraturiko lanik ez badute. Sortzaile bakoitzak argitaratu gabeko lan bakarra aurkez dezake modalitate bakoitzean eta sariak 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak dira, lehenengo, bigarren edo hirugarren postuaren arabera. Aipamen berezia lortzen dutenek 250 euroko saria jasotzen dute.

Saritutako lan guztiak, aipamenak barne, Egile Berriak bilduman argitaratuko dira, eta Udalak udaberrian aurkeztuko du, sarituen parte-hartzearekin..

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!