Gaur abesti batekin hasiko naiz.
“Orra Mari Domingi, begira horri!
Gurekin nahi baduzu Belena etorri
Aldatuko beharko duzu gona zahar hori”.
Ezaguna, ezta? Ba, horretan oinarrituta, azken bolada honetan Olentzerorekin batera maiz agertzen den pertsonaia bat asmatu dugu: Mari Domingi.
Dirudienez, gona aldatua du gaurgero. Baina zehatz mehatz nor den eta zer egiten duen ez dakigu.
Batzuen esanetan, Olentzeroren bikotekidea da; beste batzuenetan, laguntzailea...
Beno, garrantzi handirik ez diogu emango horri, helburua betea dagoelako, ezta? Olentzero gizon baten itxura zeukanez, emakumezko bat behar zuen haren ondoan paritate kontuagatik, ezta?
Beraz, aparte geratu da azpiko debatea, Olentzerok zergatik duen ginon baten itxura, hain zuzen.
Hori ere, asmakizun bat da. Azken finean, Olentzero izenak “onen (z)aro” esanahia du; atzean geratzen baita iluntasunaren garai, eta, negu solztizioa dela eta, argitasunerantz abiatzen baikara. Hori da antzinatik ospatu dena abenduan. Kristauek nini txiki bat jaio zela esaten zuten aro berri hori aipatzeko, eta euskaldunok enbor bat erretzen genuen, Olentzero enborra hain zuzen, onen (z)aro enborra, suaren bitartez purifikatzen zuena. San Juan suarekin egiten dugun bezala. Beno, eta inauterietan. Eta lehen arimen gauean... Sua, beti sua den dena garbitzeko, eta hasieratik, zerotik hasteko berriz. Ave Fenixi gertatzen zitzaion bezala. Ikusten? Leku askotako mitologiek oinarri eta sinbolo berberak dituzte.
Beno, harira. Ba onen (z)aro horrekin lotuta norbaitek asmatu omen zuen abesti bat oso ezaguna bihurtu zena, eta denboraren poderioz, herrikoia bilakatu zena. Horregatik, gaur egun kantatzen dugu Olentzero joan zaigula mendira lanera, “intentziyuarekin” ikatz egitera. Eta guztiok dakigun bezala, garai batean, ikazkinak gizonezkoak ziren. Horregatik, gure Olentzerok gizon baten itxura du. Nahiko zarpaila, egia esan.
Eta hori horrelakoa izanda, emakumezko baten laguntasuna beharrezkoa egiten zen. Horren ondorioz, Mari Domingi dugu.
Orain asmatzen ari gara haren nortasuna eta eginbeharrak, gizalaba lorontzi bat ezin delako izan, eta askoz gutxiago emakume euskaldun bat izanez gero!
Hasieratik kendu diogu gona zahar hori, kantuan aipatzen zena, eta aitzinean emakumeek janzten zuten txano bat jarri diogu. Gai horretaz ere asko dago kontatzeko, garai hartan erabiltzen zituzten gorro guztiak ez zirelako berberak: batzuek janzten zuena alarguna zela islatzen zuten; beste batzuek ezkonduta zegoela, etab.
Baina horri ere ez diogu garrantzi handirik emango, Mari Domingik janzten duen txanoa ikusten dugunean sorginek erabiltzen zutena etortzen zaigu burura. Beraz, Mari Domingi, sorgin horiek bezala, oso aditua dela sendabelarretan esaten hasi gara, agian trebetasun edo gaitasun bat emateko nahian... Kontuan hartu behar dugu gure sorginak sor egiten laguntzen zutela, hau da, emaginak; eta bide batez, sendagileak, beraiek ondo baitzekiten katarroak jota egotean pasmobelarrak oso onak zirela barneko karkaxak ateratzeko; edo tripako mina sumatzean, kamamila hartu behar zutela; edo zeinzen sendabelar ona gaitz bat kentzeko eta zein hobea kentzeko beste gaitz hura.
Ondorioz, aipatu dugun guztia gure Mari Domingik irudikatzen duela esan dezakegu: eguberria, onen (z)aroa, emakumeen jakinduria, laguntza, gizalaben garrantzia. Baita opariak ere, jakina. Eta horregatik ekarri dugu gaur saio honetara.
Beraz, gure gaurko gizalabaren omenez, eguberri on!