Txapelketa nagusiko finala zuzenean eskainiko du Euskalerria Irratiak

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 16a, 11:13

Iruñerriko irratiak Bertsolari Txapelketa Nagusiko arratsaldeko bertsoaldien inguruko saio berezia eginen du, Xorroxin irratiarekin elkarlanean. 16:45ean hasiko da.

Aspaldi agortu ziren Bertsolari Txapelketa Naugusiko sarrerak. Baina izanen da finalaz bestela gozatzerik. Euskalerria Irratiak arratsaldeko bertsoaldiak eskainiko ditu zuzenean, 16:45etatik aurrera. Xorroxin irratiak Baztan, Malerreka, Bortziriak, Bertizarana, Urdazubi edo Zugarramurdi aldean zabalduko du Nafarroa Arenako seinalea.

Xorroxin irratiko esatari Julen Zelaieta bertsolaria eta Nafarroako Txapelketan epaile lanak egin dituen Ekintza Landa bertsolaria ariko dira Nafarroa Arenatik, finalisten bertsoen bat-bateko analisiak egiten. Euskalerria Irratiko Lohizune Amatria kazetariak gidatuko du saioa. 

Adituak

1989ko maiatzaren 14an, zortzi urte zituela, kantatu zuen jende-aurreko lehen bertsoa bere lehen jaunartze egunean Julen Zelaieta beratarrak. 1993ko martxoaren 25ean hasi zen Bortzirietako bertsoeskolara joaten. Urte hartan Eskolarteko Txapelketan parte hartu eta ordutik gaur arte bertsotan dihardu. 1999.ean kantatu zuen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta geroztik jokatu diren txapelketa guzietan parte hartu du. 2008an Nafarroako txapeldun izan zen. 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusian hartu zuen parte. Bertso paper lehiaketetan ere parte harturikoa da, bai eta sariak lorturikoa ere. Epaile lanetan ere aritu izan da hainbat sariketetan.

Euskal Filologiako ikasketak egin ditu eta irakasle lanetan dihardu Ekintza Landa irudindarrak. Iruñeko Bertso Eskolako lehen kideetako bat izan zen, Nafarroako hainbat txapelketatan parte hartu du. Antolaketan lagundu ohi du, azken urteetan epaile gisa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!