A25

Indarkeria matxistaren aurkako Iruñerriko deialdiak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 23a, 09:56

Mugimendu feministak iaz egindako manifestazioa. Argazkia: Ekinklik

Indarkeria matxistaren aurka mugimendu feministako eragileak, sindikatuak eta ordezkari politikoak aterako dira kalera.

Ostiralean izanen da azaroaren 25a, eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriak hartuko ditu Iruñerriko kaleak. Justizia feminista aldarrikatuko du mugimendu feministak, arratsaldean. Nazkatuta azaldu dira. “Urtero aldarrikapen, eskaera, kexa eta erreklamazio berdinak egin behar izateaz aspertuta", adierazi du Edurne Errea kideak. Aurten, ofizialki, Euskal Herrian 3 emakume erail dituzte, baina indarkeria hortik harago doala adierazi dute. "Indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, instituzionala....denak dira indarkeria matxistaren aurpegiak eta korapilatu egiten dira".

Horren aurrean, ordea, mezu feministak zokoratzen direla salatu dute, indarkeria ezezagunen menpe jarriz. Errealitatea oso ezberdina dela diote: “Emakume gehienok pairatzen dugun indarkeria ezagutzen ditugun gizonen eskuetatik dator. Gure lagunak, bikotekide, familia, lankide edo militantzia kide diren gizonengandik dator”. Hori dela eta, gizonek erasotzeari, edo eraso horien konplize izateari utz diezaiotela exijituko dute, eta instituzioei beren lana egitea. “Klase politikoak ezin du lazo morea soinean jarri eta elkarretaratzetan parte hartu, arreta integralean, abegi-etxe eta pisuetan sei hilabeteko itxarote zerrendak dituen bitartean”. Manifestazioa eginen dute horretarako, 20:00etan, Gazteluko plazatik, Beldurra eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! lelopean.  Aurretik 19:00etan elkarretaratzeak eginen dira Iruñerriko auzo eta herrietan, eta zutabeetan gerturatuko dira manifestaziora.

Arratsaldean ere, Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak 19:00etan eginen du protesta, Udaletxe plazatik. “Sistemaren beraren funtzionamenduaren berme diren instituzioek nekez borrokatuko dute emakume langilearen askapen prozesuan. Orain dela hilabete batzuk aurkeztu genuen proposamen politikoan adierazten genuen bezala, indarkeria matxistaren abolizioaren bidean langile klaseari, emakume langileoi dagokigu gure interesen alde borrokatu eta berdintasun faltsutik kanpo antolatzea, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek behar dituzten zerbitzuak kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak izanen direla bermatzea. Emantzipazio erreala helburu, guri dagokigu indarkeria matxista orori aurre egiteko sozialismoa eraikitzea”, adierazi dute ohar bidez.

Goizeko deialdiak

Goizean, berriz, Neska* Ikasleok taldeak Nafarrako Unibertsitate Publikoan egienen du protesta. Liburutegiko plazatik martxan irtengo dira 13:30ean, eta ordu laurden beranduago elkarretaratzea eginen dute Neska* ikasleok saretuz, autodefentsa feminista! lelopean.

Sindikatuak ere mobilizatuko dira. LABek Indarkeria matxistari aurre egiteko tresna eta protokolo eraginkorrak exijituko ditugu azaroaren 25ean, 11:00etan Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. ELAk gaur emanen du protesten berri.

Instituzioen aldetik, Nafarroako Gobernuak antolatuta, kontzentrazio isila eginen du, eguerdian. Iruñeko Udalak, aldiz, Udaletxeko Plazan egin ohi du elkarretaratzea.

Bidali zure deialdia: info@euskalerriairratia.eus

Emakumeentzako arretarako zenbakia: 016

24 ordutan, erabilgarri. Ez du fakturan arrastorik uzten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!