Brontzezko xafla bat da Irulegiko eskua, % 53,19 eztainua, % 40,87 kobrea eta % 2,16 beruna dituena, eta hori ohikoa da aleazio zaharretan. Objektua ebakita dago eskuineko esku eskematiko samar baten forma irudikatzeko, baina tamaina naturalekoa da. 143,1 mm-ko altuera, 1,09 mm-ko lodiera eta 127,9 mm-ko zabalera ditu. Xafla leuna da, baina azazkalen forma du behatz batzuetan.Eskumuturretik hurbil dagoen muturraren erdian zulaketa bat du. Aranzadi Zientzia Elkartearen ustez, aurkitu zen tokiak, morfologiak eta dekorazioak, baita inskripzioak ere, egiaztatzen dute erritu-objektu bat zela, etxebizitzaren sarrerako atean esekita zegoena, etxea babes zezan.
Inskripzioak bost hitz eta 40 zeinu ditu, lau lerrotan banatuta. Testua idazteko erabilitako sistema grafikoa sistema iberiarratik moldatutako beste sistema bat da: sistema baskonikoa hain zuzen ere. Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko Latindar Filologiako katedradunak aurkezpenean azaldu zuenez, “idatzia dagoen sistema grafikoa berezia da, sistema iberikotik eratorritako sistema grafikoa dela argi dago, baina baskoiek egindako egokitzapenak ditu. Ziurrekin signario iberikoan ez dagoen soinu edo fonemaren bat markatzeko egin dituzte hainbat moldakuntza. Zeinu horiek iberirar sistema grafikoan ez ditugu aurkitu, baina bai lurralde baskoian egindako txanponetan. Beraz, Irulegiren piezatik abiatuta, garai hartan funtzionatzen ari zen sistema grafiko baskoi bat bazegoela esan dezakegu”.
Baskoieraz idatzidako lehenengo idazkuna
Lehen hitzaren – sorioneku- eta zonioneko euskal hitzaren (zorionekoa, zorte onekoa) arteko antza nabarmendu du elkarteak. Gainerako inskripzioak, ordea, ezin izan dituzte orain arte deszifratu. Ordutik, arkeologo, geologo, zaharberritzaile, kimikari, epigrafista eta hizkuntzalarien diziplina anitzeko talde batek ikertzen du.
Irulegiren aurkikuntzak berrikuntza esanguratsuak dakartza arkeologia- eta hizkuntza-munduan. Sistema grafiko espezifiko bat dagoela baieztatzen du, hau da signario baskonikoa. Gainera, I. mendearen hasieran aurkitu den eremu geografikoan baskoiera erabiltzen zela egiaztatzen du. Hau da, duela 2.000 urte baino gehiago baskonikoa hitz egiten zela Iruñerrian. “Zalantzarik gabe baskoieraz idatzitako lehen dokumentua da, eta baskoierazko signario batean idatzia dago gainera”. Javier Velaza, Bartzelonako Unibertsitateko Latindar Filologiako katedraduna.
Ikertzaileen arabera, inskripzioak orain arte baskoieraz ezagutzen zen testu zahar eta zabalena da. “Inguru honetan egindako txanponen testigantzekin eta beste epigrafe batzuekin batera -Andandoko mosaikoa, Arangurengo brontzea eta Oliteko harriaren gaineko inskripzio bat-, antzinako baskoiek idazkera nola erabiltzen zuten erakusten du”, azaldu dute.