'Kiratsa' da aurtengo lan saritua Etxepare lehiaketan

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 26a, 19:26

Iban Illarramendi ilustratzaile zarauztarra eta Eider Perez Adeletx, Trintxerpeko idazlea dira lan honen egileak. Liburu honetako protagonistak dira Pantxi, kiratsa darion eta usaimena galdua duen txakurra eta Ñimi arkakusoa, usain txarren zale amorratua. Pamiela argitaletxeak argitara eman du lana eta honekin 16 dira jada Etxepare sariketa honi esker plazaratutako euskarazko haurrentzako albumak.  

 

Aurtengo ekainaren 27an iragarri zen 2022ko Etxepare sariaren irabazlea Chundarata liburu dendan (Iruña). Eider Pérez Adeletxek eta Iban Illarramendik eskuratu zuten saria KIRATSA obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 35 lanen artetik; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

 

OBRA

 

KIRATSA album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakusoaren abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

 

Testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak.

 

Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa da eta esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena.

 

Iban Illarramendi Echabe (1973, Zarautz). Ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa.

 

Argitaletxeen eta publizitatearen munduan egiten du lan batez ere. Euskarri ugaritarako egiten ditu ilustrazioak; kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoen azalak edo arropa. Gainera, ilustrazio esperimentaleko tailerrak ematen ditu  haurrentzat, eta hainbat erakusketa indibidual eta kolektibo egin ditu.

 

Bere sorkuntza-unibertsoa natura, itsasoa eta euskal sustraietan inspiratua dago. Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztua erabiltzea gustatzen zaio. Teknika mistoak —analogikoak eta digitalak— erabiltzen ditu eta lettering-ak ere badu tokia.

 

Eider Pérez Adeletx

(1995, Pasaia Trintxerpe). 

 

Hainbat testu argitaratu ditu Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde-lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan. Hitzen uberan literatur webgunean, Oarsoaldeko hitzan eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma (Liberoamerika, 2020) antologian kolaboratu du besteak beste. 2021ean Alamedako dantzaldia liburua argitaratu zuen Eztena jaialdiko liburu-bilduman.

 

Autobiographikal poesia errezitaldi dramatizatua sortu zuen Ane Zubeldiarekin batera eta Andre eta Jabe euskal emakume poeten ibilbideari buruzko ikuskizuna egin zuten gero Leire Etxezarreta musikariak eta berak elkarlanean. Aurkezle, gidoigile eta sormen-irakasle lanetan aritu izan da eta irudimenaren munduan murgilduta lan egiten du geroztik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!