Orkoiengo bederatzi lanpostuetarako euskararen eskakizuna baliogabetu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. “Erabat arbuiagarria da, herritarrekiko arreta zuzenik ez dutela argudiatzea, kontuan hartuta herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuak badirela horietako batzuk”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Zehazki, kontu-hartzaile, kultur koordinatzaile, lorategietako arduradun, hirigintza-arloko, zerga-kudeaketako eta langileen arloko ofizial administrari, zerbitzu anitzeko, lorezaintzako peoi, gizarte-etxeko zeregin laguntzaile eta berdintasun-teknikari postuetarako zehaztutako eskakizuna ezabatu du auzitegiak. Horietan, euskara meritu gisa ezin dela baloratu ere ebatzi du.
Kontseiluko idazkari nagusiak argitu nahi izan du epaia Navarra Sumaren helegite baten ondorioz iritsi dela: “Euskaldunak erabat zokoratu nahi dituen alderdiak eragin du Administrazio Auzitegiak erabaki hori hartzea, eta beraz herritarren eskubideen urraketa eta diskriminazioa betikotzea. Modu batera edo bestera, gobernuan egonik edo egon gabe, euskaldunon aurkako gurutzadari jarraitzen dio”
“Euskaldunak zokoratzeko estrategia handiago” batean kokatu du Auzitegiaren erabakia. “Ikusten ari gara hainbat sektoretatik ari direla hizkuntza-politika atzerakoia bultzatzen, dela merezimenduen dekretuaren bidez, dela PAI sistema ezarriz, dela lanpostu publikoetan euskararen ezagutza ezabatuz”, azaldu du.
Ofizialtasunaren beharra
Kontseiluaren ustez, horrelako epaiek berriz ere uzten dute agerian euskarak ofizialtasuna behar duela Nafarroa osoan. Horregatik, Kontseiluko eledunak dei egin die herritarrei larunbatean Hordago! herri ekimenak Tuteran euskararen zonifikazioaren aurka deitutako manifestazioan parte hartzeko: “Beharrezkoa da herritar guztien berdintasuna bermatuko duen araudia, eta horretarako ofizialtasuna nahitaezkoa da. Bihur dezagun Tuterako manifestazioa berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko oihu”.
Manifestazioari lotuta Agerraldiak antolatutako Deskontrolen kontzertua bertan behera utzi behar izan dute, udalak jarri dituen trabak direla kausa. Euskararen aldeko aldarria isilarazi nahi izan du Alejandro Toquerok, Tuterako alkateak. Ozen adituko direla ohartarazi zuen atzo Bilbaok.
TUTERAN ERE EUSKARA PLAZARA❗️
— AGERRALDIA (@Agerraldiaa) October 20, 2022
📣Bat egiteko garaia da pic.twitter.com/fuPTdEgMFp