Sarasate musikari ospetsua omentzen duen estatuaren ondoan egindako agerraldian aurkeztu zuen EHGAMek urriaren 8an Iruñean eginen dituen jardunaldiak. Eta Sarasate omentzea erabaki dute bere garaian modu publikoan homosexuala izatea edota arau sozialen transgresioa egitea ez zela batere erreza kontutan hartuz. “Gorazarre eta omenaldia egin nahi diogu cisheteroaraua hausten ausardia erakutsi zuen gizon honi, sexu/genero-disidentzia erakutsi baitzuen”.
Gaur egun ere, ezarritako arauak haustea zer zaila eta arriskutsua den ez dute ahazten EHGAMekoek, eta horregatik jardunaldi hauetan arreta handia jarri dute elkarzaintzan eta antolatzeko beharrean.
“Asko eta askotarikoak dira LGTBI+ taldeak zein transbibollomarikak. Talde edo kolektibo bakoitzak abiapuntu eta berariazko aldarrikapenak ditu. Guztiok bat egiten dugu kontu batean: gure bizitzak mugatu, gure genero adierazpenak, gure izateko manerak, gure maitatzeko moduak eta larruak jotzeko joerak mugatzen dituzten arauak suntsitu nahi ditugu, bai eta cisheteropatriarkatuak ezartzen dituen arau murriztaile eta errepresiboak ere”, adierazi zuten.
“Beharrezkoa da elkarguneak sortzea eta, horrela, LGTBI+ agenda propioa sortzea. Era berean, ikusi da pertsonek eta kolektiboek hainbat eragile bil ditzaketen antolaketa-ereduak behar dituztela, eta, ondorioz, ekintza bateratuen antolaketa arindu eta erraztu ahal izango dela. Lan horretarako, beharrezkoa da esku hartzeko eremuak identifikatzea, ekintza-estrategiak diseinatzeko, LGTBI+ pertsonen gizarte-pertzepzioan eragin negatiboa duten estereotipoak eta aurreiritziak gainditu ahal izateko”. Era berean, beharrezkoa ikusten dute diskriminazioen gainean jardutea eta sentsibilizazioa lantzea,gizarte anitzagoak sortzeko.
Jardunaldia goizez eta arratsaldez izango da; goizean bi mahai-ingurua egingo dituzte, lehena ‘LGTBIQ agenda baterako ekarpenak eta aldarrikapenak’ izenburupean, Kukuluak, Lumagorri, Ozen, Fenix eta Amatasun Bi-Bolloak taldeekin. Bigarrenean ‘LGTBIQ produkzio eta antolakuntza dinamkiak’ aztertuko dituzte, Bidea Eginez, Errenteriako Mahaia, Marikaroa eta EHGAM-Kotoi taldeekin.
Arratsaldean, berriz, hiru tailer antolatu dituzte: «Punitibismoaren aurkako hausnarketak, gorputz ez heteronormatiboen kontrako indarkeriei heltzeko»; «Drag experience: queer arte eta identitatea», eta «Ene munstroa. Desira maritxuaren itzala».