Euskara baloratuko duen atezain lan eskaintza eginen du Zizur Nagusiko Udalak

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 4a, 06:42

Euskararen balorazio eta lan eskaintza batekin gertatutakoa azaldu du Zizur Nagusiko Geroa Bai eta EH Bilduko aginte taldeak. "Ez da hizkuntza kontua izan, oposizio edota oposizio lehiaketa izaerarena baizik", jakinarazi dute. Helegitea erretiratu eta, aurki, euskara baloratuko duen lan eskaintza publikoa eginen du udalak.

Zizur Nagusiko Udalak ohar batean azaldu duenez, atezain lanpostuetan ordezkapenak egiteko etengabeko beharra ikusita, aldi baterako kontratazioetarako oposiziorako deia egitea erabaki zuen. Alde batetik, euskarazko derrigortasuna zuten lanpostuetarako lehenengo zerrenda atera zen, eta bertan nahitaezkoa zen euskaraz jakitea (B2 maila) eta, bestetik, derrigortasunik gabeko bigarren zerrenda izan da. Lanpostu horiek lortzeko, udalak oposizio-sistema aukeratu zuen, azkarragoa zelako. Horrela, azaltzen du Zizur Nagusiko udalaren oharrak, "ez litzateke inolako merezimendurik onartuko, hau da, ezin izango litzateke baloratu euskararen ezagutza, hori oposizio lehiaketaren sisteman baino ez baita gertatzen".

Egoera horretan, errekurtso bat jarri zuen herritar batek Nafarroako Administrazio Auzitegian, deialdi horretan euskararen balorazioa eskatuz. Epaimahaiak arrazoia eman zion bizilagunari, Zizur Nagusiko Udalaren Euskara Ordenantzan oinarrituta. Ebazpenak ez du aintzat hartzen deialdiko sistema oposiziokoa zela, eta horietan ezin dela merezimendurik baloratu. Udalak erakunde barruko zein kanpoko talde juridikoari kontsultatu zion gaiaz, eta biek ondorioztatu zuten Auzitegiak ez duela kontuan hartu deialdia egiteko erabili zen sistema bera. Horren ondorioz, Geroa Baik eta EH Bilduk osatzen duten gobernu taldeak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea aurkeztu zion ebazpen horri.

Prozesua amaitu baino lehen, Geroa Baik eta EH Bilduk, konpromisoa hartu dute Nafarroako Administrazio Auzitegian errekurtsoa kentzeko eta honen ebazpena onartzeko, ikasturte hasiera bezalako une konplexuan ordezkapenen hornidura eta hizkuntza-eskubidea bermatuz. "Bi gai horiek garrantzitsuak direnez, hizkuntza eskubidea eta ikastetxeei zerbitzu hau eskaintzea, gobernu taldeak erabaki du, ahalik eta lasterren, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi berri bat onestea, euskarazko merezimenduak baloratzeko", adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!