Tele Taxiko langileak uztailaren 1etik greba mugagabean daude, enpresako zuzendaritzak sinatutako hitzarmena atzera botatzeagatik. Bertan, otsailaren 15ean sinatutako akordioan, Tele Taxiko langileen soldata, Nafarroako KPIaren arabera gaurkotuko zela adostu zuten, baina azken orduan, Tele Taxiko zuzendaritzak atzera bota zuen sinatutakoa.
Era berean, Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak kudeatutako zerbitzu publiko bat izanik, mankomunitateari bere erantzukizuna gain har dezala eskatzen diote langileek eta ELA sindikatuak, gatazkari irtenbide emateko. Zerbitzu hori bermatzea Administrazioen ardura dela nabarmendu du Josu Caballerok ELA sindikatuko, Tele Taxiren ordezkariak: “Mankomunitateak eta Nafarroako gobernuak diru laguntzak jasotzen dituzte zerbitzu publiko honengatik eta beraien ardura da garraio publiko hau”. Mankomunitateak berak San Ferminetan zerbitzu minimo batzuk ezarri zituen eta beste batzuk uztailaren 16tik aurrera. Langileak greban egonik, ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete dituzten arren, “minduta” daudela adierazi dute zuzendaritzaren “presio onartezinak” jaso izana salatuz.
San Ferminetan egoeraren larritasuna agerian geratu da eta langileen lan baldintza kaskarrak areagotu direla azpimarratzen du Caballerok. Baja kopuruak ere gora egin du presioen ondorioz, nahiz eta bajak ere “lehenagotik dator egoera, lan gainkarga jada bazegoelako”, adierazi du Tele Taxiko ordezkariak.
Enpresako zuzendaritzaren sinesgarritasun faltaren aurrean, Iruñerriko Mankomunitatearen erantzun bat jaso bitartean, irtenbideen zain langileek borrokan jarraituko dute hitzarmenari buruzko akordioa bete eta lan egoera hobetu arte.