Egia-ostearen garaian bizi gara, emozioak eta sentimenduak egiari eta ebidentzia zientifikoari gailendu zaizkion aldia. Pandemian are nabarmenago geratu da hau. Baina, zein ekarpen egin diezaioke zientziak aldi honi? Zein leku eman behar diogu zientziari garai berri honetan? Zein paper jokatu behar dute hedabideek? Eta sare sozialek zer ondorio dute honetan guztian? Filosofiaren, zientziaren eta kazetaritzaren ikuspegitik helduko diogu gaiari.
Hau da UEUren informazio buletinean argitaratutako elkarrizketa:
Jon Abril Olaetxea: “Pandemiaren ondorio nagusiak gaindituta, bigarren mailan geratu da zientzia”
Zientziaren balioak egia-ostearen garaietan jardunaldiarekin abiatu dira UEUren 50. urteurreneko ikastaroak Iruñeako Katakraken. Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak egia-ostean jardunaldiak duen garrantzia eta zientziari eman beharreko lekua azpimarratu ditu.
· Elhuyarren 50. urteurrenarekin bat dator zientziaren balioei buruzko jardunaldia. Zergatik ikusi duzue jardunaldi hau antolatzeko beharra?
Zientziaren zabalkundean aritu da Elhuyar, besteak beste, bere sorreratik. Koronabirusaren pandemiak agerian utzi digu zientziaren zabalkundearen garrantzia, baina baita gizarte kritiko eta irizpidedun bat izatearen beharra. Herritarrak heztearen premia agerian gelditu da. Sinesmenak eta emozioak egia-balio nagusi bezala agertu dira, maiz, pandemian zehar, egia-ostearen garaian bizi garela ikusi dugu. Zientziak hori gainditzeko jokatzen duen edo joka dezakeen papera aztertu nahi dugu ikuspegi desberdinetatik.
· Egia-osteari buruz asko hitz egiten da, non kokatu behar dugu garai hauetan ebidentzia zientifikoa?
Egia-osteak emozioekin jokatzen du, eta ebidentzia zientifikoak bere kontra du ez dituela erantzun guztiak, eta askotan, galdera gehiago uzten dizkigula. Gainera, egungo gizartean erantzun azkarrak eskatzen zaizkigu, eta zientziak denbora behar du ikertzeko eta ebidentzia frogatzeko. Baina ustezko sinesmenetan ezin dugu oinarritu. Ebidentzia behar dugu, eta horretarako zientziak errealitatea ulertzen laguntzen digu, horrek erabaki egokiak hartzea ahalbidetuz.
· Zer toki du zientziak pandemia osteko garai honetan?
Pandemia aurretik ere ohartarazten genuen gizartea zientzian hezteko beharraz, eta pandemian zehar azpimarratzen genuen etengabe egin beharreko lana dela, ez soilik krisialdi uneetan. Pandemiaren ondorio nagusiak gaindituta, bigarren maila batean geratu da, berriz ere, zientzia. Badirudi ez dugula askorik ikasi, eta akats berak egiten jarraituko dugula. Zientzian hezitako herritarrak behar ditugu gizateriak dituen erronkei ahalik eta egokien erantzun ahal izateko. Nola egin aurre etor daitezkeen pandemia berriei? Nola heldu larrialdi klimatikoak edo digitalizazioak jartzen dizkiguten erronkei zientziarik gabe?
· Zer ekarpen egin behar du edo egin dezake zientziak?
Arestian agertu bezala, zientziak ez ditu erantzun guztiak, baina erantzunik ez dugunetan ere egoera ikuspegi kritikoz aztertzeko laguntza eman behar digu zientziak. Jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko beharrezkoa da pentsamendu kritikoa garatzea, eta haren bidez ebidentzietan oinarrituta eraikitzea norberak bere iritzia edo ikuspuntua. Horretan lagundu behar digu zientziak, informazio partzialen eta interesatuen aurkako defentsa-mekanismoak garatzeko.
· Zientzia, filosofia eta kazetaritza uztartu nahi izan dituzue gai beraren bueltan. Zergatik?
Egia-ostearena ertz askotako gaia delako. Hedabideen eta sare sozialen bidez zabaltzen dira, maizen, sasi-egiak. Zientzia, filosofia eta kazetaritza ikuspegi kritiko hori eraikitzen laguntzeko ezinbesteko iturriak dira. Beste diziplina ugaritatik ere heltzen ahal diogu, baina hiru horiek oinarrizkoak iruditzen zaizkigu egungo testuinguruan.
· Sare sozialak informazio-iturri bihurtu diren honetan, ze paper dute hedabideek?
Egia da sare sozialak informazio-iturri bihurtu zaizkigula, baina hedabideek jarraitzen dute izaten iturri nagusia, eta asko kontsumitzen dira. Hedabideak kontsumitzeko modua aldatu zaigu, baina kontsumitzen jarraitzen dugu. Eta ikuspegi kritiko hori eraikitzeko kazetari kritikoak edukitzea ezinbestekoa da.
· Hemendik aurrera edo egia-oste garai honetan zein da Elhuyarrek egin behar duen bidea?
Orain arte bezala pertsonen ikuspegi kritikoa garatzen jarraitu behar dugu, zientzia eta teknologiaren dibulgazioa eginez, kultura zientifikoa sustatuz. Baina baita garatzen ditugun teknologietan ikuspegi kritikoak txertatuz (alborapenak saihestuz, teknologia etikoak garatuz...). Gure xedean jasoa dugu “euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea” dugula helburu, eta bide horretan sakondu behar dugu, etengabe.
· Zein dira gaurko jardunaldiaren helburuak?
Gaiaz gogoeta egitea, hausnarketa partekatzea eta gaia agendan jartzea.
· Zergatik da garrantzitsua Elhuyarrentzat, UEUrekin elkar lanean edo “Elkarrekin” aritzea?
UEUko 50. ikastaroak dira, eta 50. urteurrena ospatzen ari gara Elhuyarren ere. Garai berean, euskararen berpizkundearen hasierako urteetan sortu ginen, testuinguru berean. Baina ez soilik garai eta testuinguru berean. Atzetik egon ziren pertsonen arteko konexioa oso handia izan zen, askotan bi erakundeetan aritu ziren, eta 50 urteotan lotura handia izan dugu bi erakundeok. Esparru desberdinetan aritzeagatik ere, helburua partekatzen dugu: euskaraz bizitzeko ahaleginean, jakintza sustatzea eta zabaltzea. Elkarlana da gure egiteko modua, eta Elkarrekin antolatu behar genuen ikastaro hau. Nola bestela?