InnovaCultural programaren bidez ikusi du argia Anima Euskera egitasmoak. Nafarroako Kutxa eta LaCaixa Fundazioek sustatutako programa da eta haien izenean azalpenak eman ditu Fernando Urrak. Zehaztu du funtsean InnovaCulturalen helburua dela ondare kulturala, mantendu eta zabaltzea, eta proiektu hau hautatu dutela “Nafarroan dagoen ondarerik ederren eta handiena sustatzen duelako, euskara”.
AnimaEuskararen lehen denboraldi honetako protagonista gehienak emakumeak dira. Sustatzaileek zehaztu dute hori hala izan dela, euskara zabaldu eta mantentzea, batez ere XX. Mende erdialdean zaila zelako, baina are zailagoa euskal emakumeentzat.
Kike Diez de Ultzurrunek pertsonaia bakoitza zergatik hautatu duten zehaztu du. Azaldu du guztiek erakutsi zutela euskararekin “aurrea egiteko borondatea eta kemena”
www.animaeuskera.eus ataria, webgune didaktikoa da. Bertan protagonistei buruzko testuak eta erreferentziaz aurkitzeaz gain, bakoitzari buruzko bideo labur bana sortu dute, Irati Fernandez Gabarainek animatutako Carlos Garcia “El Perro”ren ilustrazioekin eta besteak beste, Reyes Ilintxeta lankidearen ahotsarekin.
Bigarren edizioan lanean ari dira dagoeneko eta beste pertsonaia batzuk ekarriko dituzte.