Miren Mindegia: "Genero rolek gainean jartzen diguten zama handiak inon baino pisu handiagoa dauka kirolaren munduan"

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 25a, 18:21

Miren Mindegia kazetariak kirolaren munduan generoa eta dibertsitatea nola hartzen diren aztertu du Irrintzi Plaza saioan. "Corres como una niña"  David Guerrero kazetari eta kirolariaren liburu interesgarritik abiatu da analisi hau egiteko. 

Bizi garen mundu matxista eta heteropatriarkal honetan existitzen diren genero rolek zama handia jartzen digute gainean. Kirolaren munduan, akaso, inon baino pisu handiagoa dauka zama horrek.

Gure gizartea gizon eta emakume binomio horretan banatzen duten eraikuntza sozialak dira genero rolak, horietako bakoitzari ezaugarri zehatz batzuk inposatzen dizkionak. Ezaugarri horietatik ateraz gero, kasu, ez zaizu ontzat ematen gizon edo emakume bezala.

Eta kirolaren munduan horixe gertatzen da, bortizki gainera. Kirolaren mundua gizonezkoen ezaugarriekin lotzen da: indarra, adorea, konpetitibitatea, abiadura… Gaitasun fisikoarekin, batez ere. Hain zuzen emakumezkoekin lotzen ez diren edo gaizki ikusiak dauden ezaugarriak. Binomio hori muturreraino iristen da LGTBI+ kolektiboko kideetaz ari garenean, zer esanik ez.

Matilde Foncheca filosofian doktoreak eta Gorputz Heziketan lizentziadunak dioen bezala, kirola, mediatikoki, patriarkatuaren armarik garrantzitsuenetako bat da. Eta gure gizarteko arlorik diskriminatzaileetako bat dela ere nabarmentzen du.

Izan ere, zergatik futbolaz ari garenean, gizonezkoen futbolaz ari garela ontzat ematen dugu, eta emakumezkoen futbolaz aritzeko hain zuzen emakumezkoena dela argitu behar dugu? Zergatik emakumeak ikusezinak dira kirol arlo zehatz batzuetan eta zergatik jasan behar izaten dute sexu diskriminazioa eta sexualizazio egoerak medioetan? Zergatik homofobia eta transfobia eguneroko ogia dira batez ere gizonezkoen kirol batzuetan? Zergatik ez da existitzen, adibidez, gizonezkoen gimnastika erritmiko talderik?

Joan zen astean, hain zuzen ere, Burlatako Udaleko LGTBI departamentuak antolatuta, mahainguru interesgarri bat aurkeztu nuen Burlatako Kultur Etxean. Bertan David Guerrero kazetariarekin solasean aritu ginen berriki plazaratu duen “Corres como una niña” liburuaz. Bertan, Davidek kirolaren arloa generoaren eta dibertsitate sexualaren ikuspegitik aztertzen du, benetan interesgarria den lan batean.

Daviden liburuak hainbat istorio, datu eta pertsonaia interesgarri eskaintzen dizkigu, ikusi ditzagun horietako batzuk:

ANITA CARMONA, ESPAINIAKO FUTBOL JOKALARIA 20KO HAMARKADAN

Malagako Sporting futbol taldean jokatu zuen 1920ko hamarkadan, hori bai, gizonez mozorrotuta. Izan ere, emakumeek debekatua zuten jokatzea. Bera, aldiz, hain zen ona, taldean sartzea lortu zuela, bere generoa ezkutatzearen truke. Bere taldekideek ere babesten zuten, eta horren seinale da denek ezizen bat aukeratu zutela, bakoitzaren benetako izena ere izkutatzeko. Anitarena, Veleta zen.

Baina halako batean deskubritu zuten. Bere jarraitzaile sutsua zen apaiz baten laguntzari esker gartzela zigorra ekidin ahal izan zuen, baina ezin izan zituen saihestu bere aurkako erasoak eta irainak. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten eta ilea moztu zioten. Baina zigorrik zitalena, dudarik gabe, Sporting de Malagaren futbol zelaira sartzeko debekua izan zen.

Ehun urte beranduago, zein da futbolean aurkitzen dugun egoera? Emakumeek futbolean jokatzeko aukera duten arren, arlo profesionalean dagoen aldea ikaragarria da. Hortxe datu ukaezin bat: Espainiako gizonezkoen ligako irabazleak 20.000.000 euro irabazten ditu, sari gisan, emakumezkoen ligakoak 1352 euro irabazten dituen bitartean. Ezer gehitzekorik ez.

Futbolean existitzen den beste homofobia kasu muturrenetako bat Justin Fashanurena da. 1980ko hamarkadan Fashanu munduko futbol jokalari ospetsuenetako bat zen. Inglaterrako ligan fitxatu zuten miloi bat liberaren truke, jokalari beltz batengatik ordurarte ordaindutako kopururik altuena.

Beltza izatea ezin zen ezkutatu eta arrazakeria egoerei aurre egin behar izan zion. Baina Fashanu, beltza izateaz gain, homosexuala zen, eta hala adierazi zuen The Sun egunkarian, bere orientazio sexuala ezkutatzeaz eta inguratzen zuten zurrumurruez nekatuta.

Adierazpen hori bere bukaera izan zen. Futbol klubek ez zuten fitxatu nahi, publikoaren eta iritzi orokorraren irainak jaso zituen, futbol jokaria zen bere anaiak ere “paria” deitu zion… Zortzi urte beranduago, 17 urteko mutil batek sexu erasoagatik salatu zuen eta kasua artxibatua izan bazen ere, froga faltagatik, gizarteak dagoeneko epaitua zuen. 1998ko maiatzan, 37 urterekin, Fashanuk buruaz beste egin zuen.

 DORA RATJENEN KASUA, HITLERREN OLINPIADETAN

Kirolaren alorrean ematen den beste eztabaida nagusietako bat generoarena izan ohi da. Diskurtso hori aurreiritzi zehatz batean oinarritzen da, esaten duena gizon batek beti izanen duela emakume batek baino gaitasuna handiagoa edozein kiroletan. Hortik abiatuta, emakume transgeneroen kasua eztabaida gogortu egiten da.

Eztabaida hau eman zen lehenengo kasuetariko bat 1931n izan zen. Urte hartan, Olinpiadak Berlinen ospatu ziren, Hitler boterean zegoenean. Joko Olinpiko horiek

Hitlerren propagandarako erakuslehio nagusi bilakatu ziren eta, parte hartu zuten gainonteko herrialdeetako taldeetan ez bezala, talde alemanak guztiz “garbia” izan behar zuela erabaki zuen diktadoreak: ez judurik ez beltzik bere taldeetan. Bere helburua, noski, Alemaniak ahal bezainbat domina eskuratzea zen.

Olinpiar jokoak hasi baino hilabete lehenago, Margaret Gretelek altuera jauzian marka hoberena lortu zuen, Alemaniako errekorra berdinduz. Urrezko domina irabazteko faboritoa zen, baina lehia hasi baina bi aste lehenago baztertua izan zen: judua zela deskubritu zuten.

Bera baztertu onodren, Dora Ratjen kirolaria bilakatu zen taldeko izarra, eta finalera klasifikatzea lortu zuen. Bi urte beranduago, alta, Dora atxilotua izan zen, emakumez mozorrotutako gizonezko bat izatea egotzita. Atxilotua izan zen eta lortutako marka eta titulu guztiak kendu zizkioten. Ordutik, gizonezko bezala bizi izan zen.

Ordutik idatzi izan dire artikulu askotan erraten da Ratjen emakumeez mozorrotzera behartua izan zela, Alemaniarentzat dominak eskuratzeko helburuarekin. Baina gerora argitara atera diren orduko mediku frogek aditzera ematen dute bere sexu ezaugarrietako asko argi eta garbi gizonezkoarenak izan arren, bere genitaletan “anomaliak” somatzen zirela. Akaso, intersexualitate lehenengo kasua izan zen hau kirolaren arloan.

Kasu bakarra izanagatik ere, ordutik aurrera emakume guztiei sexu biologiko frogak egiten hasi zitzaizkien nazioarteko federazio askotan, baita olinpiadetan ere. Emakumeek emakume zirela erakutsi beharra dute, baita gaur egun ere, emakumeak direla esaten duen ziurtagiri bat eskuratzeko.

Horrek arazo ugari ekarri dizkie intersexualak diren pertsonei, genero batekin identifikatu arren genetikoki beste generoko ezaugarriak dituzten pertsonei. Eta gainera, gauza bat oso ageria uzten du: kirolaren munduan, sexu biologiko frogak soilik emakumeei egiten zaizkie. Ez ote da izango gizonezkoak direlako, baita arlo honetan ere, arauak egiten dituztenak?

 

GAUR EGUN TRANSEXUALEI EZ ZAIE NAZIOARTEKO KIROL LEHIAN PARTE HARTZEA DEBEKATZEN.

Baina, hala ere, badira neurri berezi batzuk. Ontzat ematen da, topikoak topiko eta binarismo muturrekoari jarraituz, emakume trans bat beti izango dela emakume zisgenero bat baino hobea kiroletan, gizonezko gorputz batean jaio delako. Eta alderantziz, gizonezko trans bati ez zaio inolako mugarik jarriko gizonezkoen lehietan parte hartzeko, uste delako beti izango dela gizonezko zisgenero bat baino ahulagoa edo traketsagoa. Ideia sinple horretan oinarritzen da legislazioa nazioarteko kirol txapelketetan.

Ez da kontutan hartzen gizonezko zisgeneroek hartu behar izaten dituzten testosterona txute ikaragarriak, ezta trans emakumeek igarotzen duten hormonazio prozesua ere. Noski, ez da burutan sartzen ere emakume bat gizonezko bat baino indartsuagoa edo abilagoa izan daitekeela segun eta zein kiroletan, eta abantailatzat hartuko da betiere gizon bezala sortu izana. Horrek zuzenean kiroletan hobea egingo balizu bezala, abantaila konpetitibo bat balitz bezala.

Baina zertaz ari gara abantaila konpetitiboez ari garenean? Rafa Nadal, adibidez, ezkerra da. Ez al da hori abantaila konpetitibo bat? Logika horri jarraituz, ez litzateke ezkerrentzako liga propio bat sortu beharko, eskuinak direnetik bananduz? Generoak baino, daukazu gorputzak ematen dizu, ematekotan, abantaila konpetitibo bat, eta guztiz zilegia da gainera. Hitz egin dezagun gorputzetaz beraz, eta ez generoaz, abantaila konpetitiboetaz hitz egiten dugunean.

Dudarik gabe, kirolaren arloan badago zer hausnartu eta zer aldatu genero eta sexualitate ikuspegiari dagokionez. Hori erakusten digu David Guerreroren liburu zirraragarri honek, “Corres como una niña”, irakurtzea gomendatzen dizuedana entzule guztiei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!