Warddeken
Gaur oso urrun joango gara gure gizalabaren bila, Australiara, alegia. Baina mereziko du, gizalaba bat baino gehiago aurkituko baititugu han. Gaur Warddeken Australiako Indigena Eremu Babestura joango gara. Parke Nazional bat da.
Klan ezberdinetako 36 talde tradizionalak dira jabeak, eta haien artean kudeatzen dute. Jabetza hori 1976ko aborigen-lurren eskubideei buruzko Legearen arabera dago aitortuta.
Parkearen helburua lurralde berreskuratzea da, bai fisikoki, bai kulturalki, eta horretarako 2009ean erakunde bat sortu zen ekintza anitz abian jartzeko, horietako asko emakumeengan arreta jarrita.
2015ean, komunitateak eskola bat sortu zuen. Eta hura zabaldu zuen ordutik, beste bi herritan hainbat eskola sortu ditu. Haietan hezkuntza programa misto bat garatzen da: alde batetik, tradiziozko ezagutza irakasten da, eta, bestaldetik, plan estandarra. Eskolek Kolkiwarra Nadjamer dute irakasle. 89 urte dituen andre bat da. Labar-pintura ugari dauden kobazuloetan biltzen ditu ikasleak, eta han ematen ditu klaseak, bertako hizkuntzaz hitz egiten dien bitartean. Bai, kobazuloetan bertan, bai; argi dago erabiltzen dituen gelak ez direla batere arruntak, ez. Kontuan hartu behar da eremu babestu hori lurraldeko labar-artearen aztarnategietako bat dela. Irakatsitako gaiak ere ez dira batere ohikoak, normalean, haien kulturari dagozkion ezaguerak, kondairak edo tradizioak irakasten baitizkie. Horretaz aparte, matematikak, gramatika eta beste gai akademikoak irakasteko eskola bat dute.
Era horretan hezkuntzako plan tradizionalak ezarritako ezaguerak ere transmititzen dira. Duela gutxi arte, 50 haur inguruk herrian eskolarik ez zuten. Ikasleek distantzia luzeak egin behar izaten zituzten, edo hiri handiago eta urrunagoetan bizi, ikasketak jasotzeko. Horrekin batera, gazte mordo bat herritik joaten ziren inoiz berriro ez bueltatzeko. Orain, eskolak izatea herrira itzultzeko eta han bertan bizitzeko arrazoi garrantzitsua bihurtu da. Hori eta basozaintza.
2017an Daluk Rangers taldea sortu zen. Daluk izenak emakumea esan nahi du; beraz, basozaintzan aritzeko emakumeak biltzen ditu talde horrek. Helburua, gizalaben artean lanpostuak sortzea da. Programa horrek emakume natiboei lana eskaintzen die basozain moduan. Basozain izatea harro egoteko modukoa da, eta, lehen esan dugun bezala, etxean geratzeko aukera hobezina bihurtzen da. Egongo ez balitz, ziur aski, hango biztanleek, eta bereziki, emakumeek, lur tradizionalak utzi beharko lituzkete, eta hirietan lan egin. Basozainek lurra administratzeko hainbat jarduera egin behar dituzte; besteak beste, bufalo edo beste animalia batzuk hiltzea oreka mantentzeko. Basozainek, halaber, belar txar inbaditzaileak desagerrarazten dituzte, basoko bizitza zaintzen dute, eta labar-artea babesten dute.
Eta hauxe da Warddeken Australiako Indigena Eremu Babestu honetako bizitza; antzinako herrian, tradizioan oinarrituta dagoen kulturan eta emakumeek papera garraintzitsua duten gizartean.