Helena Xurio: "Sorginen errepresioa Nafarroako konkistaren ondorio politikoa izan zen"

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 12a, 18:10

Asisko Urmenetak eta Helena Xuriok iaz argitara eman zuten 'Sugarren mende' komikia taulagainera egokitu dute irudia, musika eta antzerkia uztartuz. 'Irudika' ikusgarri dramatikoa Izagaondoko Ardanatz herrian eskainiko dute maiatzak 14 larunbatean, 20:00etan. 

(Argazkian: Olivier Arotzarena musikaria eta Mari Añes Gorostiaga aktorea, ehizatu zituzten herritarrak irudikatzen. (Argazkigilea: Helena Xurio)

Sorginak emakume errebelde gisan aurkeztu izan dizkigute askotan, baina irudi hori ez da erabat egiazkoa. Helena Xuriok helburu politikoak zituen errepresioaz mintzo da sorginen jazarpena azaltzerakoan, Irrintzi Plaza saioan esan digun bezala. 

Lan hau egiteko Zugarramurdiko eta Baxe Nafarroko Oztibarreko aktore eta musikariak bildu dira. Euskal Herrian barrena hainbat emanaldi egin dituzte Zarauzko Literaturia jaialdian irailean abiatu zenetik. 

Ainize Madariaga kazetaria eta ikusgarri honetako partaideak, hala mintzo zen honetaz Berria egunkarian: 

"Ahots mehe abailduaz Mari Añes Gorostiaga aktoreak egin du euskaldun zirtzikatuarena. Ikusleak beldur ikaran utziko dituzte Maria Anozibar pertsonaiaren eleek: «Mende oso batez ehizatua, iraindua, torturatua, bahitua, auzipetua, elbarritua, ebatsia, deserriratua, bortxatua, lintxatua, umiliatua, isilarazia, urkatua, errea, ezabatua izan den zuen arbasoetariko bat naiz».

Argi jokoek eta Olivier Arotzarena musikariak lagundu dute XVII. mendeko giroan kokatzen. Berariaz konposaturiko pieza bat sortu du, Irudika testuan oinarritua, albumaren kontrazalekoa. Denbora jauzi handia da, baina uste baino laburragoa.

Garai hartako gertaeren katearen kirrinka ez baita isildu, nonbait, Urmenetaren erranetan: «Pentsatzea baino, nahiko genuke jendeak sentitzea zer izan den arbasoek jasaniko bidegabekeria hori. Eta ez iraganeko historia lazgarri baten gisan: ordu hartan ari baitira ezartzen Aro Modernoaren oinarriak, autoritarismoa, patriarkatua, diziplinamendua eta Europako muga garbiketak inperio absolutisten artean. Lan honek laguntzen ahal digu oraingo diagnosia egiten».

Hala, musika, antzerkia eta marrazkiak uztartzen dituen emanaldi bat da Sugarren mende. Komikigileak egokitzapen dramatizatuaren gidoia egin du, «zuzendaritza kolegiatuan» parte hartu aktoreekin batera, eta arizale ere jardun du.

Antzezle baino, dendariaren lana egiten du Urmenetak, eszenak elkarren artean irudiz josiz, pieza oso bat erakusteko gisan: «Entzuten diren testu guziak , harrigarria bada ere, garai hartan idatziak eta publikatuak dira. Nik pauta batzuk ezartzen ditut eszenen artean».

Pierre de Lancre epailea pertsonifikatu du Daniel Arbeletxe aktoreak; haren eleek totalitarismoaren legitimazioaren bedeinkapena dakarte, borreroaren biktimizazioa barne: «Sorginek herritarrak tormentatzen dituzte, zakur, asto, urde, euli, otso edo tigrearen formapean, etxeko tximiniatik sartzen». Epailearen irudimen perbertsotik jalgiriko eszenak, orduko euskaldunen kontrako sumarioetan kargu bilakaturik. Sugarren mende antzerkia puntu berean abiatzen eta bururatzen da: Helena Xurio Arburua zugarramurdiarrak borobiltzen baitu ikusgarria, hasi eta buka. Harentzat, «ohorea» da arbaso haiei «kendu zitzaien ahotsaren eta duintasunaren bozeramailea» izatea, baina ardura ere bai; «gure egia» kontatzeko beharrak akuilatu du antzerkian parte hartzera: «Euskal Herrian sorgin ehizarekin begiak hetsiak ditugu, ez baitugu sobera ikusi nahi: izugarri gogorra delako. Geure burua ikustea hain zapalduak, hain biktima, zaila egiten zaigula euskaldunoi; beti ari gara mundua salbatzen geure buruaren baitan begiratu aitzin».

Ttipi-ttipitik garraiatzen ditu sorgin ehizaren herexak Xuriok. Zugarramurdiko (Nafarroa) sorgin edo belagile zintzoaren irudiaren barne zen batzuetan, sorgin gaiztoarenean bertze batzuetan. Alta, egun batez, zigortu zituzten herritarren zinezko zerrenda eskuetara heldu zitzaion, eta irudikatzen hasi zen hura zer izan ote zitekeen: «Gaur egun dugun zapalketa eta menderakuntza egoera hau ordutik dugu. Gure arbaso hauek izan ziren Nafarroako konkistaren ondoko lehenbiziko belaunaldiak, eta bortizki pairatu behar izan zituzten zapalkuntza eta menderakuntza, populu guzia makurrarazteko». Aitortu du testua errezitatzen duen aldi guziez izua senti duela.

Ez da harritzekoa, Jean Marie Irigoien aktoreak botatzen dituen inkisidorearen hitzak hotzikara ekarle baitira: «Eraman dugu sorgina gure presondegi sekretuetara, eta hor hasi da galdeketa. Jukutria da inkisidorearen armarik behinena». Francisco Peña inkisidorearen hitzak dira; harenak tartekatuko dira beste kanonista espainiarrenekin: Martin Castañega, Isidro San Vicente, Diego de Simancas..."

Irrintzi Plaza saioan Helena Xuriorekin aritu gara solasean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!