Gizalaba: Helene Feillet, Euskal Herriko lehen gida liburua egin zuen emakumea

Euskalerria Irratia 2022ko api. 26a, 18:53

“Guide du voyageur de Bayonne a St-Sébastian" gida liburua egin zuen XIX. mendean bere ahizpa Blancherekin batera. Herriz herri ibili ziren marrazkiak eta litografiak egiten eta informazioa biltzen. Hau da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba bidaiazalea. 

Zer moduz oporretan? Ni gustura ibili naiz, leku politak ikusi ahal izan
ditudalako eta jende interesgarria ezagutzeko aukera izan dudalako.
Haien artean Mariajo Noain idazlea, eta haren eskutik gaurko gizalaba
dakart, hari esker antzinako Euskal Herriko gida turistikoa daukagulako
gaur egun, eta oporrak aipatzean, turismoa dugulako askotan buruan,
ezta?
Gaurko gizalabaren izena Hélène Feillet da. 1812an jaio zen Parisen,
eta txikitatik arte eta pintura arloan murgildurik ibili zen, Blanche
ahizparekin batera. Hori ez zen batere ohikoa garai hartan,
emakumeek ezin baitzuten arte ederretako ikasketetan sartu. Baina
hauek aita margolaria zeukaten, baita aitona eta osaba ere; beraz,
bidea zabalik izan zuten.
Aitak Prado museoan zeuden koadro inportanteenak litografietan
irudikatu behar izan zituen. Jose Madrazo margolaria museoko
zuzendaria izan zenean egin zuen hura, eta Madrilera bidaiatu zuen
haren familiarekin, noski. Garai hartan bai Hélènek, bai Blanchek
litografiaren teknika ikasi zuten. Harrezkeroztik bizibide bihurtu zuten
langintza hura. Izan ere Hélène oso ezaguna egiten hasi zen “El Artista”
egunkarian argitaratutako litografiengatik. Eta Genaro Perez de
Villamil margolariaren bi koadroren erreprodukzioak ere egin zituen,
kaleratzeko gero “Panorama Madrileño” liburuan.
22 urte zituela Baionara joan zen gero familia osoarekin han bizitzera.
1842an Frantziako Barne Ministerioak Orléanseko dukearen hiriari
egin zion bisita irudikatzen zuen koadro bat eskatu zion. Lanaren
arduraduna erakunde bat izateak, koadroaren gaiarekin batera,
margolariak garai hartan zuen prestigioa erakusten du. Kontuan hartu
behar baita, pintura historikoa tradizioz gizonei zegokien genero bat
zela.
Garai hartan, Baionan bertan eta ahizparekin batera, asmo handiko
egitasmo bati ekin zioten: Euskal Herriko hainbat gida turistiko egitea,
litografiak eta ilustrazioak barne. Teknika horiek nahiko arruntak ziren.
Garai hartan argazkiak ez zeuden batere hedaturik, eta askotan
erabiltzen ziren grabatuak paisaiak irudikatzeko.
Lan hura egiteko, bi ahizpak lurraldean zehar bidaiatu egin behar izan
zuten, gidetan sartuko lituzketen tokiak dokumentatzeko. Horretan
ere aitzindariak izan ziren; izan ere, XIX. mendean, bidaia eta
esplorazioen mende handian, oraindik ez zen ohikoa emakumeek
bidaiatzea.
Ahizpa artistek elkarrekin egiten zuten lan beti. Bisitatzen zuten
lekuaren irudiaren zirriborro bat prestatzen zuten, arkatzez edo
ikatzez. Ondoren, Baionara itzulitakoan, litografia bihurtzen zuten.
Baina, batzuetan, ez ziren etxera bueltatzen lana bukatzeko, eta, batek
marrazkia egiten zuen bitartean, besteak, litografia sortzen zuen.
Horrela irudi sorta polit bat lortu zuten Blancheren senarrak, editorea
eta inprimatzailea zenak, kaleratu zuena. Arrakasta berehala iritsi zen.
“Guide du voyageur de Bayonne a St-Sébastian” izena izan zuen
harrera bikaina izan zuen liburuxka batek.
Hélènek, margotzen jarraitu zuen hil arte. Euskal Herriarekiko zuen
harreman estua inspirazio iturri izan zitzaion beti bere paisaietarako.
1836an parte hartu zuen lehen aldiz Parisko Arte Ferian. Eta horren
ostean, erakusketa horren artista ohikoa bilakatu zen.
Zilarrezko domina irabazi zuen Tolosan, Baionan eta Bordelen
egindako erakusketa batzuetan. Espainiako Isabel II.a erreginarekin
harremana zeukan, eta, garaiko kroniken arabera, monarkak
artistaren koadro bat baino gehiago erosi zituen.
1889ko abenduaren 9an hil zen Biarritz hirian. 77 urte zituen

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!