“Disclosure” dokumentala, transgeneroaren irudikapena.
Behin baino gehiagotan erran izan dugu, sekzio honetan, izendatzen ez dena ez dela existitzen. Hala, zentzu berean, ikusten ez dena ere, ikusezin den heinean, ezin da izendatu. Fikzioak, alde horretatik, izendatzen eta existitzen ez den hori, baztertuta dagoen hori, begien aurrean jartzeko gaitasuna ere badauka. Ikusgaitasuna, azken batean, boterea da, eta baita aldarrikapena ere, kasu aunitzetan.
Baina zer gertatzen da fikzioak aurkezten dizkigun errepresentazio horiek estereotipoetan erortzen direnean? Edo errealistak edo duinak ez diren errepresentazioak sortzen dituenean, gehienbat baztertutako eremu edo kolektiboei dagokienez?
Joan zen martxoaren 31n Transgeneroen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna izan zen eta, horren harira, pentsatu nuen: nola aurkeztu dizkigu fikzioak transgeneroak? Zer nolako pertsonaiak aurkiztu zaizkigu Holliwoodeko ekoizpenetan, eta zer nolako pertsonaiak aurkitzen ditugu azken urteotako telesail eta filmetan?
Gaia kokatzeko ezinbesteko dokumental bat ikustea gomendatzen dizuet: “Disclosure”. Bertan, trantsizioa egin duten hainbat aktorek eta sortzailek hitz egiten dute euren esperientziaz eta transgenerorek jasan duten errepresentazioaz, jendartearen mentalitatearen isla ere izan dena.
ZER KONTATZEN DIGU DOKUMENTALAK?
100 urte baino gehiago dira trans personaiak zineman agertzen direla, hain zuzen ere, zinemaren historiaren hasmentatik. Disclosure-k erakusten diguna, alta, rol horiek guztiak, kasu gehienetan, ezkorrak izan direla da.
1914ean, D.W. Griffith zinemagileak (The birth of a nation pelikularen egileak) trans pertsonaia bat sartu zuen Judith de Bethullie filmean. Film horrek zein zuzendari honen bestelako filmek ikuspegi arrazista eta transfobiko izugarria daukate. Burla edo karikatura gisa agertzen ditu pertsonaia hauek, izan ere.
Ordutik, hamarkadaz hamarkada, Hollywoodek jarraitu eta elikatu zituen kanonak hildo horretatik jo zuten komunitate hau irudikatzeko unean. Dokumentalak, hala, historia guzti horretatik bidaia bat proposatzen digu, zinemaren munduko trans aktore, zuzendari eta adituen iritziekin batera.
Sam Feder Disclosure-ko zuzendariak, izan ere, aktore, zuzendari eta gidoilari trans talde bat gonbidatzen du irudikapen hauen lagin zabal bat ikustera. Hala, kamera aurrean Bianca Leigh, Trace Lysette, Jazzmun, Jen Richards eta MJ Rodríguez aktoreak ikusi eta entzungo ditugu. Baita Laverne Cox aktore trans eta aktibista ezaguna ere, dokumentaleko ekoizleetako bat ere badena.
Bere istorio eta esperientzien bitartez, zineman eta telebistan ikusitakoak gogoratzen dituzte dokumentalean, eta nola irudikapen horiek guztiek euren bizipenetan eta erabakietan eragin zuzena izan zuten.
NOLA AURKEZTU IZAN DIRA TRANS PERTSONAIAK HOLLYWOODEKO ZINEMAREN HISTORIAN?
Dokumentalak eskaintzen digun daturik interesgarrienetako bat hurrengoa da: biztanleriaren %80ak, Ameriketako Estatu Batuetan, ez dauka inolako harremanik trans kolektiboarekin, ez du trans pertsona bat ezagutzen. AEB esaten dugu dokumentala testuinguru horretan zentratzen delako, baina orokortu genezakeen datu bat izan daiteke. Horrek, hala, fikzioa informazio iturri nagusi bilakatzen du pertsona askorentzat. Transgeneroaren gaira hurbiltzeko modu zuzenena eta kasik bakarrean bilakatzen da, horrek duen garrantziarekin.
Eta zer erakusten digu fikzioak? Nola aurkezten digu trans pertsona bat?
- TXISTE EDO BROMA MODUAN. Transgeneroak, maiz, pertsona irrigarri moduan aurkeztu ditu fikzioak. Gainontzekoek irri egiteko pertsonaia lotsamangarriak bezala.
Bereziki emakumezko transgeneroen kasuan, mozorrotutako gizonezko bezala agertu izan dira. Zenbatetan ikusi izan ditugu horrela? Kasu hauetan, transentzat euren onarpenarekin aurrera egiteko traba izateaz gain, emakumezko rol eta estereotipo matxistak elikatu izan dituzte. Denok izanen dugu burutan emakumez “mozorrotutako” gizonak aurkezten dizkiguten filmak, baina gutxitan pentsatu izan dugu nola sentiarazi diezaioken horrek trans pertsona bati.
- PSIKOPATA ARRISKUTSU MODUAN. Genero disglosia bat edo genero normatibotik ateratzen den pertsonak, maiz, burutik eginda dauden pertsonak bezala irudikatu ditu zinemak. Eroak dira, arriskutsuak, hiltzaileak. Munstroak, azken batean. Horrek, noski, trans pertsonen aurrean nola erreakzionatu erakutsi dio ikusleari, beldurrarekin eta bazterketarekin erreakzionatzen erakutsi dio.
- PROSTITUTA MODUAN. Argi dago, kolektiboak jasan behar izan duen eta oraindik ere jasaten duen bazterketaren ondorioz, trans pertsonek lan diskriminazioa jasatea eragin duela eta, horrek, ondorioz, prostituziora bultzatu dituela kasu askotan. Historikoki gertatutako zerbait izan da. Baina fikzioak soilik prostituta bezala irudikatzen baititu, hausnarketa sakonagorik egin gabe, soilik hori izan daitekeela sinestarazten du, mugatzen ditu eta beste aukerareik ez dagoela esaten dio trans kolektiboari. Eta hala izan da.
- EZINBESTEAN BUKAERA BORTITZA IZANEN DUEN PERTSONA MODUAN. Dokumentalean agertzen diren aktoreek baieztatzen duten moduan, egin dituzten pertsonaia gehienak hil egiten dira film edo telesailetan. Dirudienez, trans pertsona batek bi bukaera mota ditu: bortizki hil egiten dute, trans pertsona bat delako; edo hil egiten da, trantsizioak osasun arazo bat eragiten diolako. Zer erraten dio errepresentazio horrek trans pertsona bati? Trans izatea arriskutsua dela, ongi pentsatzea egin aurretik litekeena gaizki bukatzea izanen delako.
- GENEROAREN TRAIDORE MODUAN. Bereziki gizonezkoen kasuan, generoarekiko traidore moduan aurkeztu izan da maiz transgeneroa. Hau da, emakumeak zapaltzen dituen sistema matxista baten baitan, gizonezko generoak eskaintzen dituen pribilegioak bereganatu nahi dituen pertsona moduan. Adibide gisa bere egunean hain ospetsua izan zen “L” telesaileko pertsonaia bat aurkezten zaigu. Modu egonkorrean telesail batean agertu zen transgizonezko lehenetariko pertsonaia bat izan zen. Baina nola aurkeztu zen? Trantsizioa hasi eta, testosterona hartu ahala, zuzenean pertsona bortitz batean bilakatzen den pertsonaia bezala eta emakume generoarekiko traidore bezala.
- BESTELAKO TOPIKOAK: LOTSA ETA SEKRETUA. Fikzioak, halaber, erakutsi digu trans pertsona bat bere lotsatu beharreko pertsona bat dela, sekretu handi eta ilun bat duen pertsona bat bezala aurkezten zaigu maiz. Sekretu hori argitara ateratzen denean, albokoek ezkutatzen duen hori ezagutzen dutenean, haserretu egiten dira, baztertu egiten dute edo indarkeriarekin erantzuten dute. Eta trans pertsonak, une horretan, barkamena eskatu behar dio, zorretan balego bezala, bestearekiko errespetu falta balitz bezala.
ALDATU EGIN DA TRANSGENEROEN IRUDIKAPENA FIKZIOAN?
Zorionez, gaur egun pertsonaia transgeneroak modu anitzago eta, batez ere, errespetagarriago batean aurkezten diguten telesailak eta filmak aurkitu ditzakegu, horietako batzuk dagoeneko sekzio honetara ekarri izan ditugunak:
“Paris is burning” dokumentala, 1990ekoa izan arren aipatzekoa, ballroomen mugimenduaz hitz egin zuen lehenengoa izan zelako.
“Transparent”, Amazonek ekoiztutako 2014ko telesail hau transgeneroak modu duin batean aurkeztu zituen lehenengoetarikoa izan zen. 2019raino luzatu zen telesailak izugarrizko arrakasta izan zuen, gainera.
“Veneno”. Javiek sortutako telesail labur honek Espainiako telebistaren historiako pertsonaia ezinbestekoa berreskuratu eta bere lekua ematen dio. Ikustea merezi duen telesail bat, dudarik gabe.
“Euphoria” telesail ospetsua, batez ere bere lehenengo denboraldian. Transgeneroak bakarrik ez eta generoaren bizipen anitzak eta harremantzeko bestelako moduak aurkezten dizkigun telesaila da.
Eta bukatzeko, “Pose”, hauen artean nire gustukoena, hain zuzen Paris is Burning dokumentalean inspiratu zena.