Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra leloa hartuko dute Nafarroako mugimendu feministak antolatutako mobilizazioek. 20:00etan izanen da manifestazio nagusia, Antoniuttitik, eta Iruñerriko auzo eta herrietatik zutabeak antolatu dituzte bertaratzeko. Arrotxapetik 19:15ean aterako dira, Carbonillatik. Burlatako Feministak taldeak ere ordu berdinean jarri du hitzordua. Askas plazatik irtengo dira, eta Seminarioan Mendillorriko zutabearekin elkartuko dira.
Donibanen, aldiz, lehenago bilduko dira. 18:00etan txirrindula martxa eginen dute, Asuntzio plazatik. Ordu bat beranduago elkarretaratzea eginen dute, Azuelo monastegiko plazan. Gaur, aldiz, hitzaldi feminista antolatu dute gazte emakumeentzat. “Emakumeen gainzama” landuko du Alaiz kolektiboak, San Juan Xar elkartearen egoitzan, 19:00etan.
Nafarroako Unibertsitate Publikokoko talde feministak ere solasaldia eginen du gaur. Emakume ezgaituen hitzaldia deitu dute, eta askotariko diskriminazioa landuko dute, ASPACE elkarteko kideekin batera. 13:30ean izanen da, A010 ikasgelan. Bihar, berriz, goizean goizetik izanen dira jarduerak. Garbitzaile emakumeekin gosaria hartuko dute, 8:00etan; ondoren pankarta eta meme feministak sortuko dituzte, Aularioaren atarian. Eguerdian, mahai ingurua antolatu dute unibertsitate komunitateko emakumeek pandemia osteko egoera azter dezaten. 13:45ean, berriz, elkarretaratzea eginen dute, liburutegi plazan.
Arangurengo mugimendu feministak elkarretaratzea antolatu du bihar eguerdian, Mutiloako plazan.
Sare Herritarrak, aldiz, emakume presoak etxerako bidean izenburupean eginen du protesta. Gaur izanen da, 11:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Desgaitasunen bat duten pertsonen erakundeen Nafarroako CERMIN batzordeak , berriz, 11:30ean elkarretaratzea antolatu du, bihar, Gazteluko Plazan.
Zaintza, erdigunean
Euskal sindikatuek zaintza lanean jarriko dute foku nagusia. Bultza zaintzaileen lan baldintzei lelopean elkarretaratzea eginen du LAB sindikatuak, PSN alderdiaren egoitzaren aurrean, “zaintzen negozioari ez” esateko. ELA sindikatuak, aldiz, ekitaldi nazionala eta manifestazioa eginen du Donostian, martxoaren 8an.
Berdintasun faltsuaren aurka, Itaia
Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean eginen du, berriz, protesta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Udaletxe Plazatik irtengo dira manifestariak, 19:00etan, “alderdiek haien aurpegia zuritzeko erabiltzen duten berdintasun faltsuari aurre egiteko”. Aurreko egunetan mobilizatzeko arrazoiak azaltzeko hitzaldia eta Emakume langilon eskola antolatu dituzte, Iruñean.
Kateak askatzeko beharra azpimarratuko du Ikasle Abertzaleak
Ikastetxeetan eginen du protesta, berriz, Iruñerriko Ikasle Abertzaleak. Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu lelopean izanen dira. Iturraman eginen dute 10:45ean; 11:00etan, Biurdadan, Eunaten eta Alaitzen; eta 11:15ean, Otxoan eta Askatasunan.
Zure herriko edo auzoko deialdien berri baduzu, eta ez badugu jaso, bidali info@euskalerriairratia.eus helbidera.