Ander Perez Labakidea izan da gure lehen solaskidea. Berak azaldu digu zer den Laba: "Gazteluko Plazan dagoen areto ederra izateaz gain, Laba ere ahalduntze ariketa bat da eta euskaraz egiten dena jendaurrean erakusteko modu bat". Espazio fisikoaz Igor Lopez de Uralde arkitektoa eta Labakidearekin mintzatu gara. Areto garbi eta multifuntzionala da egin dutena. Lagunekin elkartzeko toki bat eta baita kultur emanaldiak eskaintzeko edota lan egiteko egokia dena. Dena, gainera, auzolanean egindakoa.
Kafetegia da Laba. Jatekoa ere ez da faltan: bizkotxoak, gailetak eta berdin tortilak eta ogi xigortuaz eginiko mokaduak ere. Aldi berean Laba ere denda da. Kamisetak, Laba-poltsak eta edari alkoholdunak saltzen dira bertan. Eta laster terraza zabalduko dute. Oraindik tramitetan dabiltza Iruñeko Udalarekin, baina laster desagertuko dira ondoko tabernaren mahaiak Labarenekoei tokia utziz. Hori dena kontatu digu Garazi tabernari goizuetarrak.
Gaur Irrintzi berezia izan dugu Leire Alonsok propio bidali diguna. Yasmine Khris Maansri Labakideak iragarri digu laster podkast bat egiteko asmoa dutela. Gaurkotasunez, umorez eta sorpresaz beteriko saioa ari dira prestatzen.
Labakide (oraindik) ez diren gazte batzuk gonbidatu ditugu solasaldi batera. Jakin nahi genuen zer pentsatzen duten ekimen honetaz eta, bidenabar, nola ikusten duten gazteen eta euskararen arteko harremana hemen Iruñerrian. Ander Barandiaran, Iruñe Astitz eta Unai Irigarai izan dira gure mintzakideak.
Eta bukatzeko Amets Arangurenek eman digu Labaren kultur programazioaren berri. Laster, oso laster4, ekitaldi oso deigarriak izanen ditugula Lanban aurreratu digu.