Tuterako Benjamin eta Noain 1521 Nabarralderen eskutik

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 25a, 19:42

Nabarralde Fundazioak Durangoko Azokara eramanen dituen liburu berriez hitz egin digu Miren Mindegiak Gaztelu Plazatik, Edizioaren Azokatik, egindako saio berezian.

Durangoko nobedadeak, prest

 

Durangoko Azokaren atarian gaude dagoeneko. Aurten bertan egoteko aukera izanen dugu azkenik, segurtasun neurriek ezarritako mugekin bada ere. Garrantzitsuena, urtero bezala, elkar aurkitzeko parada izanen dugula da. Gogotsu eta material berrien sorta ederrarekin goaz aurtengoan Nabarraldetik.

 

 

Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta

 

Izenburu honen pean, ale bat gehitu diogu zabala izaten hasi zaigun gure komiki bildumari. Dudarik gabe, 2021eko uztaren onenetarikoa dugu Beterri Elkartearekin elkarlanean plazaratu dugun lan hau, Mikel Begoñaren gidoiarekin eta Iñaket marrazkilariaren ilustrazio lanarekin eraiki duguna.

Benjamin eta Antxo Jakituna erregeak Tuteran egiten dute topo. Bertan, erregeak alhama berri bat eraiki nahian dabilenez, judutarren diru-laguntza behar duela azaltzen dio Benjamini. Hala, garai hartako hiri loriatsuenetan zehar egindako bidaiaz galdetzen dio: Alejandria, Damasko, Konstantinopla, Venezia...  Guzti horiek zeharkatu berri ditu gure protagonistak.

1165 urte da eta tropa gaztelarrek Queleko gaztelua okupatu berri dute Arga ibaiaren ibarrean zehar egindako inkursioan. Iruñea erasotzea da helburua. Benjamin Tuterakoaren bidaia aitzakiatzat hartu dugu gure iraganeko pasarte desberdinak berreskuratzeko: gurutzadak, gaztelarren aurkako borrokak, erlijioen arteko bizikidetza…

 

Noain 1521. Azken bataila.

Ezin dugu ahaztu urteurren bereziena. 500 urte egin dira aurten, izan ere, Noaingo bataila erabakigarria gertatu zenetik. Porrot hark Nafarroaren etorkizuna erabaki zuen: baskoien estatuak zuen hoberena eman zuen borroka hori irabazi ahal izateko. Eskura zituen baliabide eta indar guztiak erabili zituen, bere askatasuna defendatuko zuen herri bat zela erakutsi. Baina porrot egin zuen.

Liburu honetan, gure historialari eta idazle baliotsuenen artikuluak bildu ditugu gure memoria eta gure historia kontatzeko helburuarekin. Joseba Asiron, Peio Monteano, José Luis Orella Unzué, Aranzazu Amezaga, Iñaki Sagredo, Elur Ulibarrena, Mikel Sorauren, Xabier Irujo… Hogei idazle inguru denetara, gure historiako garai ezinbesteko honen inguruan hausnartzeko.

 

4 reinas navarras

 

Gazteleraz eta José Luis Orella historialariaren eskutik, Nafarroako Errenazimenduan gako izan ziren lau erreginen historia berreskuratu dugu argitalpen honetan. Heziketa paregabe eta izaera ausarteko lau emakume hauek Europan erreferentziazko leku bilakatu zuten Nafarroa. Kulturalki, gure herriaren garai loriatsuenetako bat izan zen hau, dudarik gabe. Eta horren arduradun izan ziren Katalina Foix, Margarita Angulemakoa, Joana Albretekoa eta Margarita Valoisekoa.

 

Nafarroako Erresumaren inbasioa (1199-1200).

 

  1. urteko gaztelarren inbasioa Itsasaldeko Nafarroaren eta barrualdeko Nafarroaren arteko bereizketaren eragile nagusia izan zen. Gaia horretan sakontzen duten lan batzuk bagenituen (Olaizola eta Urzainki. 1999), baina irakurle euskaldunentzat bideratutako bat falta zitzaigun. Aurten, hutsune hori betetzea lortu dugu Iñaki Lopez de Luzuriaga ikerlariak osatu duen lanari esker. Gertakari lazgarri horren kontakizun sintetizatu eta bikaina eskaini digu egileak kasu honetan.

Donapaleuko jardunaldiko hitzaldiak: 1640eko lo(r)aldia

Iaz, Donapaleun, Nafarroa eta Frantziako koroak batu zituen Batasunaren Ediktuaren inguruko jardunaldi bat ospatu genuen bertako Zabalik elkarteko lagunekin elkarlanean. Kongresu hartako hitzaldiak argitalpen ezinbesteko batean bildu ditugu orain. Alvaro Adot, Beñi Agirre, Xabier Irujo, Jean Louis Davat, Amaia Nausia, Luis M. Mtz Garate… Egile bikainak, ezagutzea merezi duen garai bat ulertzeko.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!