Azaroaren 19an, ostiralean alegia, Komunaren Munduko Eguna ospatuko dugu, eta gaur gai hori hartuko dut hizpide, sarritan ahaztu egiten dugulako nolakoa izango litzatekeen gure bizimodua komun-ontzirik gertu izango ez bagenu, eta, era berean, ahazten dugulako milioika pertsona daudela mundu osoan halakorik ez dutenak.
Ondo badakigu hori ez dela gaurko kontua. Munduko biztanleen %60k ez dute komun-ontzirik etxean ezta saneamendu-sistema segururik ere. Horrek osasungarritasun-arazo pila bat eragiten ditu, noski.
Ia 700 milioi pertsonak beren egin beharrekoak aire zabalean egiten dituzte, erosotasunik eta higienerik gabe. Hainbat herrialdetan, Mongolian besteak beste, oraindik ere borrokan ari dira komun-ontzien inguruko tabuak baztertzeko eta haiek elementu ezinbestekoak, funtzionalak eta seguruak izan daitezela lortzeko.
2015ean, Kolonbiako biztanleen %90ek eskuragarri zuten edateko ura, baina %10ek, ez. %10 hori landa-eremuetan bizi zen.
Eta urte hori hartuko dugu Jenifer Colpas, gure gaurko gizalabaren istorioari hasiera emateko, orduan gazte batzuekin batera eztabaidatzen hasi baitzen gai hauetaz Cartagena de Indiasen (Kolonbia).
Baina ez iskanbilak sortzeko asmoz, ez. Ezta mokoka aritzeko, ez.
Gazte talde horrek nazioarteko lankidetzan eta ikerketako mintegietan eskarmentua zuen, eta herrien eta hirien arteko alde hori murriztu behar zela ikusi zuten. Horregatik, buru-belarri hasi ziren elkarlanean eta Tierra Grata elkartea sortu zuten.
Beraz, gure Jenifer erakunde horren sortzaileetako bat da, eta horrez gain, zuzendari exekutiboa.
Helburu nagusia herrialdeko urrutiko komunitateetara, konponbide merke, ez kutsatzaile eta kostu apalekoen bitartez, energia, ura eta saneamendua eramatea zen. Landa-eremuan jarri zuten arreta, ohartu zirelako zenbat eta gehiago aldendu hiri-eremuetatik orduan eta zailagoa zela oinarrizko zerbitzuak eskura izatea, hau da, elektrizitatea, ura edo komun-ontziak.
Egun, Tierra Grata hiru ekintza-ildo horietan ari da lanean.
Pandemia bete-betean, dena geldiarazi zenean, diru donazioen kanpainak egin zituzten eta elkartasun-produktuak saldu zituzten haien jardueretan jarraitzeko. Eta lortu zuten.
Komunitate-jantokiak babestu zituzten haur txikien elikadura bermatzeko, eta energia, ura eta saneamendua eskuragarri zeukaten familien kopurua handitzea lortu zuten.
Denbora honetan, 10.000 erabiltzailerengana iritsi dira, Caribe eskualde osoan.
Jeniferren esanetan 2020an, hamalau jarduera antolatu zituzten, guztira, 500 baino konponbide berri kokatzeko. Eta, aurten, jada bikoiztu dute kopuru hori eta hasieran egitea pentsatuko ez zuten lekuetara iristea lortu dute, La Guajirara esate baterako, eta iristen zailak diren eremu batzuetara Bolívarren, Magdalenan eta Atlánticon.
Duela oso gutxi, ahalegin horiek guztiek sari bat ekarri zieten Jeniferri eta haren taldekideei noski, Gates fundazioak aitortza egin ziolako Goalkeepers Global Goals saria emanda. Sari horrek 17 ardatz ditu eta haien artean, 6. ardatza alegia, edateko ura eta saneamendu egiturak zabaltzea da. Horregatik eman diote saria Jeniferri, epai mahaikideek esan zuten bezala, “bera bezalako emakumeei esker mundua egunetik egunera hobetzen baita”.
Jeniferren arabera, gai hauek ikusgai egiteko bidea ematen dio erakundeari sari horrek, azken finean, komuna edukitzea funtsezkoa baita, batez ere emakumeentzat. Eta saria eskuratzean poz ikaragarria sentitzen zuela azaldu zuen, behar duenari lagundu ahal diolako.
Normal! Beraz, zorionak hemendik ere eta jarrai dezala haren eginbehar horrekin, oso interesgarria eta garrantzitsua iruditzen baitzaigu, ezta?