Gizalabak: Cunhaporanga, Amazoniako influencer-a

Reyes Ilintxeta 2021ko aza. 9a, 18:08

Amazoniako tribu indigena bateko kidea den influencer gazte ezaguna da gaur Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Gaurko gizalabak Maira Gomez Godinho du izena eta Brasilgo Amazonian, Ibai Beltzaren ertz batean dagoen Tatuyo herrixkan bizi da. 22 urte ditu, indigena da eta sareetako influencer bat.

 

Bai, bai, Cunhaporanga izenpean neska honek Tik-Token 6 milioi jarratzaile baino gehiago ditu eta Instagramen 500.000 mila baino gehiago.

 

Haren adineko neska batek egingo lukeen bezala, abesten edo dantzatzen ari zen bitartean bideotxo batzuk egiten zituen gero Tik-Tokera igotzeko. Baina arrakasta ez zen aipagarria.

 

Konfinamenduan, ordea, dena aldatu zen. Beti irrifartsu eta aurpegia margotuta, haren herrixkako egunerokotasuna erakusten hasi zen eta sareak hankaz gora utzi zituen.

 

Orain kamiseta edo lastozko gona jantzita, batzuetan espirituetatik babesteko marrazki landuak aurpegian, bideo ludikoak egiten ditu. Mota guztietako filtroak erabiltzen ditu, eta Amazoniako indigenen bizimodua erakusten du edozein herrialdetako neska gazte batek, edo adin guztietako jendeak, interesgarritzat hartuko lukeen gaiak aipatzen dituen bitartean.

 

Tokian-tokiko ohiturak, artisauen lanak, dantzak eta gastronomia. Egindako bideotako batean haren kulturan oso ohikoa den larbek osatutako plater bat nola prestatzen den eta nola jaten den adierazten du; beste batean txingurriekin egindako beste plater bat.

 

Baina beste gai batzuk ere agertzen dira portugesez grabatutako haren bideoetan: iragarpen meteorologikoak, adarrak eta hostoak erabiliz; zorte ona izateko antzinako tatuajeak; loro berritsuak; bere anaia twerkinga dantzatzen tribuaren janzkera tradizionalarekin jantzita…

 

Cunhaporangak hainbat hizkuntza indigenen hitzak irakasteko eta baso-soiltze eta meatzaritza ilegala salatzeko ere erabiltzen ditu sareak.

Influencer indigena honez ustez,  erakusten duen guztiak ez du misterio handirik, baliabiderik gabe eta koronabirusaren pandemia baino hilabete batzuk lehenago Interneteko konexiorik ez zegoen herri batean hazi baita. Hala ere, mundu osoa aho zabalik geratzen da oihaneko bizimodua nolakoa den bertatik bertara ikustean.

 

Sareetan lortutako arrakastak telebista-saioren batera edo bestera joatera gonbidatua izatea eragin du. Askotan ez da bakarrik joaten, haren familiarekin batera baizik. Izan ere, aitak eta bi anai-arrebek ere milaka jarraitzaile dituzte TikToken zein Instagramen.

Aitak, tribuko buruak, hasieran ez zuen batere argi ikusten alaba hain ospetsu egin izana. Uste zuen TikTok bideoek eragin negatiboa izan zezaketela bere komunitatean. Baina, azkenean ulertu du alabaren edukia bere kultura babesteko eta zabaltzeko bide aparta izan daitekeela.

 

Izan ere, Tatuyo tribuak Cunhaporangan eta TikToken diru-iturri gehigarri bat dauka. Orain arte turismoari esker bizi zen herrixka, baina bisitari kopurua asko murriztu da koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Izan ere, diru-sarrera faltak Interneteko konexioa kentzea eragin zuen, eta horrekin batera, influencerren eraginaren desagerpena. Baina orain egoera desberdina da.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!