Miren Mindegia: "Izenik gabeko emakume asko izan dira eta badira"

Reyes Ilintxeta 2021ko aza. 3a, 20:19

Asko dira bere  lanak bere izenez sinatu ezin izan duten emakumeak. Miren Mindegia kazetariak haietako batzuen bizipenak ekarri dizkigu gogora: Brontë ahizpak, Mary Shelley, Aurore Dupin, Bizenta Antonia Mogel edota Teresa Eskoriatza, lehenengo hitzaldi feminista eman zuena Espainiako irrati batean...

 “Izenik gabeko emakumeak”

Uste dut kolaborazio honi ekin diodan denboraldi bakoitzean ideia berdinarekin hasi naizela, eta honakoan ere ez da desberdina izanen: IZENDATZEN EZ DENA EZ DA EXISTITZEN.

 
Eta oraingoan, gainera, kasu zehatz batek ekarri dit gogora esaldia:

 

Joan zen hilabetean Espainiako argitaletxe potoloenetako batek eman ohi duen sari potolo baten harira, kasu xelebre bat agerian gelditu zen. Izan ere, sari hau irabazi zuen eleberriaren atzean hiru izen agertu ziren: hiru gizonezko hain zuzen. Hau ez da berez xelebrea, ohituta baigaude literaturaren alorrean ere ospe eta txalo gehienak gizonentzat izatea. Xelebreena da hiru gizon hauek emakumezko baten izenarekin sinatu dituztela euren lanak. Emakume izen baten atzean gordetzen zutela euren identitatea.

 

Albiste honi ez nioke ohiartzun gehiagorik eman nahiko, izan ere nahiko iskanbila sortu zuen sareetan joan zen hilabetean. Ez du merezi publizitate gehiagorik ematea. Ez diogu tarte honetan euren izenei txoko ttikienik ere egingo.

 

Hala ere, egia da guzti honek nolabaiteko frustrazioa eragin zidala, beste aunitzi bezala. Izan ere, emakumezkoak izan gara literaturaren alorrean, beste alor publiko gehienetan bezalaxe, ikusezin bilakatu gaituztenak. Baztertuak eta isilaraziak. Historian zehar, eta literaturaren historian zehar, aunitz izan direlako izenik gabeko emakumeak edo gizon izenekin sinatu izan dutenak euren lanak plazara atera ahal izateko. Bertze aunitzek, emakume izateagatik ez dute idazteko aukerarik ere izan. Ez gaude, beraz, eta gutxiago arrazoi komertzialak tartean, gure izenak ebasten uzteko bezala.

 

 

ERREPASATU DEZAGUN, NORTZUK IZAN DIRA HISTORIAN ZEHAR EUREN IZENAK EZKUTATU BEHAR IZAN DUTEN EMAKUME IDAZLEAK?

 

Erran dugun bezala, emakume aunitzek izengoiti maskulino batekin, senarraren izenarekin edo modu anonimoan sinatu behar izan dituzte beren lanak historian zehar, gutxietsi ez zitzaten edo argitaletxeetan ezezkoa eman ez ziezaieten. Izan ere, emakumeek idatzitakoak maiz hartu izan dira “literatura txikitzat”, edo okerrago dena “emakumezkoentzako literaturatzat”, honek erran nahi duena erran nahi duela ere.

 

  • Brontë ahizpak: Nork ez ditu ezagutzen? Ba tamalez, bai Emilyk, bai Charlottek baita Annek ere gizonezko izenekin sinatu zituzten euren lehenengo lanak, tartean literatura unibertsalaren lan erranguratsuenetakoetan bilakatu izan diren Jane Eyre (Charlotterena) edota Gailur ekaiztsuak (Emilyrena). Jakin baitzekiten euren izenekin sinatuz gero ez zutela argitaletxeekin inolako aukerarik izango.

 

  • Mary Shelley: Noizbait atera izan dugu egile honen izena sekzio honetan, eta ez da guttirako. Izan ere, zientzia fikziozko lehenengo obraren egiletzat hartzen da. Denok izan dugu, modu batera edo bertzera, Frankensteinen berri. Baina lehenengoz argitaratu zenean, izenik gabe atera zen. Bigarren edizioa bere izena agertzea erabaki zuenean, aunitzek bere senarrarena zela erraten jarraitu zuten.

 

  • Aurore Dupin nobelagileak (1804-1876), frantziako literatura romantikoko idazle handienetako batek ere gizonezko izenaz sinatu zituen bere lanak, George Sand ezizena erabiliz. Erran beharra da emakume hau ausardia handiko emakumea izan zela, bere garaiko kode sozialak hautsiz. Gizonezko izenarekin sinatu bakarrik ez, eta gizonezko arropekin janzten zen, garaiko gizartea aurrez aurre desafiatuz. Dudarik gabe, erromantizismoko idazlerik oparoenetako bat izan zen, luzea baita argitaratu zituen obren zerrenda. Tartean, testu politiko aunitz idatzi zituen, klase borroka eta emakumeen eskubideak gai nagusitzat hartuz. Generoa eta sexuaren arteko aldea mahai gainean jarri zuen lehen idazlea izan zen.

 

  • Baina ez dugu denboran hain atzera egin behar adibide bila.J. K. Rowling idazleak (1965-), Harry Potterren sortzaileak, J.K siglak erabiltzea erabaki zuen, ez aipatzeko bere emakume-izena: Joanne; horixe gomendatu zioten izan zituen lehen editoreek. Zergatik? Pentsatzen zutelako Harry Potter gizonezkoentzako liburu bat zela eta irakurleek aurreiritziak izan zitzaketela emakume batek idatzitako horrelako saga bat irakurtzeko.

 

 

ETA ZER GERTATZEN DA GURERA ETORTZEN BAGARA?

 

JAKIN ALDIZKARIAREN 145 zenbakian, Amaia Alvarez Uliak idatzitako artikulu batean erraten duen bezala: «Euskal literaturaren historian emakumezkoak ez dira existitu» (Olaziregi 2003, 203). Baieztapen hau egin ondoren hurrengo argudioak ematen dizkigu: sistemaren periferian egon dira, emakume idazleen lanei buruzko ikerketa falta izugarria

dago, eta historiagileek ez dituzte emakumeak kontutan hartu, beraz, ez dira gure egunetara ailegatu.

 

Jakin badakigu euskal literatura literatura gaztea dela. 1545etik 1879ra soilik 101 liburu argitaratu ziren euskaraz, eta horietatik 4 izan ziren bakarrik lan literarioak. Hiru mendentean, lau liburu.

 

Ba horietak bat emakume batek idatzitakoa izan zen: Ipuin onac, Bizenta Antonia Mogelena. Emakume ausarta izan zen, oso argia, bere alde izan zuena heziketa aurrerakoia jaso izana, emakumeek ikastea oso gaizki ikusia zegoen garai batean:  oro har, emakumeen %15 bakarrik zen alfabetatua garai hartan. 34 urterekin ezkondu zen, berandu (%61 hogeita bost urte bete baino lehenago ezkontzen baitzen), eta amatasunari uko egin zion (honek guztiak idazle izateko aukerak luzatu zizkion).

 

Hala ere, Mogelena aparteko kasua izan zela erran dezakegu, izan ere, ez dira emakume idazle gehiago “agertzen” euskal literaturaren lehen loraldia deritzonean, XIX. mende bukaera eta XX mende hasieran. Testuetako aunitz “anonimo” bezala sinatuak agertzen dira, eta Virginia Woolfek “Gela bat norberarena” liburuan erraten duen bezala, “pentsatzekoa da anonimo guztien atzean emakume bat dagoela”.

 

Sorne Unzueta edota Tene Mujika bezalako idazleak agertzen diren arte apenas dago emakumeen arrastorik literaturaren historia errebisatzen dugunean. Bazterreko kasuak ziren, eta bazterretik idazten zuten idazteko tartea eta aukera izan zuten emakume gutxi horiek. Sorne Unzuetak, adibidez, ezizenez sinatzen zituen bere lanak.

 

KASU BEREZI BAT: TERESA ESKORIATZAKOA

Bere izena ezkutatu zuten euskal idazleak bilatzen ari nintzela, kasu berezi batekin topatu nintzen: Teresa Eskoriatza, bere lanetako batzuk Félix de Haro ezizenarekin sinatu zuena. Donostian jaioa, kazetaria eta idazlea izan zen.

 

Rifeko Gerran gerra-korrespontsal bezala jardun zuen, La Libertad, Mundo Gráfico edo El Eco de Galicia egunkariarentzat lan eginez. 26 urte zituen Estatu Batuetara bizitzera joan zenean eta, gero itzuli bazen ere, 1936ko gerra hasi zenean berriro ihes egin zuen Ameriketara,  Eta datu garrantzitsua, Teresa Eskoriatzak lehenengo hitzaldi feminista eman zuen Espainiako irrati batean.  Del dolor de la guerra: (crónicas de la campaña de Marruecos) (1921) edo El crisol de las razas (1929) liburuak idatzi zituen.

 

Benetan interesgarriak dira Eskoriatzak bere bizitzan zehar argitaratu zituen artikuluak eta lanak, horietako batzuk interneten topatu ditzakegu beraz bilatzeko gonbita egiten dizuet hemendik.

 

Argi dagoena da emakumeek literaturaren arloan egin izan duten lana balioan jarri behar dela, ez dela bidezkoa izan orain arte eduki duten tratua ez historiografian ezta alor publikoan ere. Oraindik badago zer egin, zer gogoratu eta, batez ere zer izendatu.

Oraindik beharrezkoa da emakume idazleei ikusgaitasuna ematea. Ezinbestekoa da haien izenak ezagutzera ematea, eta haien lanak aldarrikatu, eta testuliburuetan txertatzea, eta erabateko konpromisoa behar da horretarako, literaturaren historia osatu ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!