Larunbatean, urriaren 23an, oso urteurren polita izan genuen. 1965eko egun horretan, guraso euskaltzale talde batek Iruñeko lehendabiziko ikastola sortu zuen. Uxue ikastola zen, eta Alde Zaharreko Pozoblanco karrikako etxebizitza batean kokaturik zegoen.
Talde horrek egindako bidea ez zen batere erraza izan. Kontuan hartu behar dugu Francoren garaia zela hura eta pentsa dezakegun bezala, hainbat traba burokratiko eta ez burokratiko gainditu behar izan zituzten euskaltzale haiek. Baina, kemenez, lortu egin zuen helburua.
Ikastola horren sustatzailetako bat, eta bertako lehen irakaslea, Mikela Gastesi izan zen, gaurko gizalaba alegia.
Gorritin jaioa zen, 1929an. Herrian zegoen eskolara joan zen. Oso ikasle fina izan zen, nahiz eta oztopo anitz aurkitu. Herrian eta inguru hartan ia haur guztiak euskaldunak ziren, baina eskolan euskaraz hitz egiterik ez zuten. Horren ondorioz, komunikazioa eta ikasketak batzuetan ez ziren behar bezain errazak izaten. Hala eta guztiz ere, Mikelak ikasteko zaletasun handia erakutsi izan zuen beti. Hori zela eta, nerabetan Iruñera etorri zen ikasten jarraitzera.
1952an irakasle ikasketak burutu zituen, eta irakasle bihurtu zen. Lan egiteko lehendabiziko aukera Gorrititik oso gertu dagoen Uztegi herrian sortu zitzaion, eta hara bueltatu/itzuli zen. Baina 30 urte zituela Iruñera ezkondu zen. Hemen euskaltzale talde bat ezagutu zuen eta elkarlanean hasi ziren, 1960an Euskalerriaren Adiskideak elkartea sortzeko asmoz. Elkarte horren helburuak gizartearen eragintza eta herriaren ekonomia sustatzea zen, euskal kultura zabaltzea eta Nafarroa Beherekiko adiskidetasun sendotzea.
Hori guztia lortzeko lehendabiziko pausoa 1961ean eman zuten , eta haurrentzako eskola bat sortu zuten. Mikela Donostian hainbat ikastolatan ibilia zen, eta Donostiako Elbira Zipitriaren pedagogia metodo berria ezagutzen zuen. Horregatik, Iruñean abian jartzea erabaki zuen. Horrela, sortu berria zen eskolan irakasle hasi zen, elkarteak hala erabakita. Elkarkideen esanetan, hiru kualitate/dohain zeuzkan Mikelak, egin behar zuen lana ondo egiteko: maistra titulua zeukan, euskalduna zen, eta ikastoletan ibilia zen. Hori kontuan izanda, zekarren pedagogia metodo moderno hura erabiltzeko baimena eman zioten, beste ikastola batzuetako emaitza bikainak aztertu ondoren.
Aipatuta dagoen bezala, Pozoblancoko etxebizitza bat izan zen eskolaren lehendabiziko egoitza . Hasieran ikasle xorta txikia zuen, baina bigarren ikasturterako bigarren irakasle bat kontratatu behar izan zuten. Ordurako Mikela irakaslea izateaz gain, zuzendaria zen, baita lankidearen prestakuntzaren arduraduna ere.
Sortu zenetik zazpi urtera ikasle kopurua handitu egin zen dexente, baina bistan zegoen gero eta handiagoa izango zela. Adibidez, 1968-69 bitarteko ikasturtean 205 ikaslek eman zuten izena, eta urte bat geroago, 348k.
Mikelen erronkak, beraz, bikoiztu egin ziren. Alde batetik, toki falta sumatzen hasita zegoen; bestetik, diru zulotik atera behar zuten; gainera, administrazioaren eskaerak gero eta zorrotzagoak ziren.
Hori guztia gutxi izango balitz bezala, eskolaren jabeen arteko harremana okertzen ari zen. Euskalerriaren Adiskideak elkartearen eta guraso batzordearen arteko eztabaidak sortu ziren, eta ez ziren ados jartzen. Horrek ikastola bi partetan banatzea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, guraso batzordearen aldekoek San Fermin Ikastola sortu zuten, eta gainerakoek, Paz de Ziganda ikastola .
Mikelak azken momentu horretaraino zuzendaria izaten jarraitu zuen. Gero, Paz de Zigandara joan zen irakasle eta zuzendari lana egitera.
Baina gutxi iraun zuen ikastola berri hartan. Sortu eta bi urte geroago Donostiara joan baitzen lan egitera eta bizitzera.
Mikela Gastesi 1997ko irailaren 10ean zendu zen Hondarribian. 68 urte zituen.