Euskara sustatzeko komunikazio kanpainen zabalpenarekin kezkatuta? Erronka handia da, diglosia egoeran eta etengabeko eraldaketa digitalaren baitan, gure komunikazio kanpainak modu arrakastatsuan diseinatzea. Horri erantzun nahi dio ikastaro honek.
Ikastaroak komunikazioaren gaineko oinarriak barneratu eta esperientziak elkar trukatzeko aukera eskainiko digu. Alderdi teorikoa errepasatuko dugu (komunikazioaren oinarriak, diglosia egoeretan hizkuntza gutxituaren alde egiteko estrategiak, gaur egungo tresna digitalak…), baina batez ere, ikastaroak alderdi praktikoa landu nahi du: Nola diseinatu komunikazio kanpaina bat? Nola erabili gaur egun eskaintzen zaizkigun tresna digitalak?
Irakaslea
- Ander Bolibar Zabala
Irakaslea eta komunikazioan aritua. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua, irakasleen prestakuntza masterduna, eta telekomunikazio eta informatika sistemen goi mailako teknikaria. Aurrez Garabiden, Mondragon Unibertsitatean eta Hiru Damatxon lan egindakoa. UEUkidea.
Helburuak
- Euskararen normalkuntza helburu duten komunikazio-kanpainen eragina hobetzeko tresnak eskuratzea.
- Komunikazioaren oinarriak barneratu eta zabalpenean eragiteko konpetentzia lantzea.
- Ingurune digitalen bidezko zabalpen aukerak lantzea (Sare sozialak, webgunea, mailing-a…)
Edukiak
- Komunikazioaren oinarriak (Helburuak, estrategiak, marka, hartzaile potentzialak, diseinuak, jarraipena eta ebaluazioa).
- Tresna digitalen ahalduntzea (Sare sozialak, mailing-a, jarraipen digitala, ebaluazio digitala…)
Metodologia
Alderdi teorikoa modu atsegin eta parte-hartzailean errepasatu nahi da, betiere, adibide errealekin nahastuz eta kideen inplikazioa sustatuz.
Ondoren, alde praktikoak pisu garrantzitsua izango du, izan ere, benetako kasu baten garapena eta tailer praktikoak presentzia handia izango du. Metodologia aktiboak sustatuko dira, asmoa komunikazioaren aldagaia hobeto ezagutu eta pentsatzeko tresnak lantzea da. Parte-hartzaileen interesen arabera amaieran tresna zehatzetarako gomendioak eta praktika onak landuko dira.